Umeentzako eskaintza handitu eta mozorrotzeko gogotsu daude
Asteburuan abiatuko dira Añorgako Karmengo jaiak, eta izen propioa duten zazpi eguneko egitaraua prestatu dute. Kuadrillak, jubilatuak eta umeak izango dira festen hasierako protagonistak.
Añorgako Karmengo jaiei ekiteko prest daude jai batzordeko kideak.Añorgako jai batzordea Buruhandi biboteduna prest dago Añorgako Karmengo jaietarako. Kartelean aizkora batekin agertzen bada ere, lasai, maskuria da erabiliko duena festetan. Kortatu taldearen estreinako diskoari keinua egin dio Unai Gaztelumendi marrazkilariak. «Duela urte batzuk, bi buruhandi ageri ziren kartelak izandako arrakastaren ondoren, gure buruhandi ezagunena protagonista bihurtu dugu», azaldu du Nerea Unanue Añorgako jai batzordeko kideak. Egitarau osoa hemen daukazue.
Zazpi eguneko egitarauak askorako emango du Añorgan, bihartik hilaren 19ra bitarte. Ohiko jarduerak eta berritasunak uztartu dituzte, herri giroan ospatzeko añorgatarrek estimatzen dituzten jaiak. «Auzotarrekin elkartu gara programazioa hobetzeko, eta pozik gaude osatu dugun jarduera sortarekin», dio Izaskun Elizegi jai batzordeko kideak.
Kartelak ere lotura du nobedadeekin, aurten egun gehiagotan programatu dituztelako erraldoiak eta buruhandiak. Izan ere, umeentzako eskaintza handitu dute, familiek eta guraso elkarteak eskatuta. Horrela, haurrentzako play-back lehiaketa egingo dute lehen aldiz, eta arratsaldeak haientzako jarduerekin betetzen saiatu dira. Bestalde, Añorgako artisauen azoka estreinakoz sartu dute egitarauan, martxoko Sagardo Egunean haien postuek harrera ona izan zutelako.
Kuadrillek, jubilatuek eta umeek ohiko egun propioa izango dute. Bihar, oilasko biltzaileak eta Zementonen jaitsiera ez dira faltako. Etzi, berriz, jubilatuek gustuko dituzten jarduerak egingo dituzte. «Gabezia handiena 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzako eskaintzarekin dugu, eta horregatik 3×3 saskibaloi txapelketa mantendu dugu», esan du Iurre Marrahi jai batzordeko kideak. Dena dela, aitortu dute hilaren 16ko Orikiz eguna dela garrantzitsuena añorgatarrentzat. «Mozorrotzea derrigorrezkoa da, eta lehen aldiz gaia aldatu dugu; kolore gorria aukeratu dugu. Ikusiko dugu jendearen imajinazioa zenbaterainokoa den», adierazi du Elizegik.
Arkaitz Añorgako Dantzariak
Mendeurrena bete du Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak, eta aurtengo jaietan presentzia nabarmena izango dute. «Karmen egunean, hilaren 16an, mendeurreneko soka dantza egingo dugu, eta hainbat belaunalditako dantzari askok parte hartuko dute. Gainera, ohiko brokel zikloa eskainiko dugu», nabarmendu du Unanuek. Horrekin batera, festei bukaera emateko, hilaren 19an, Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen egunean, dantza taldeak egingo du bandera jaitsiera. «Aurten, Añorgako bi talde omendu nahi ditugu. Txupinazoa Añorgako udalekuen taldeak botako du, hamar urte bete dituztelako. Bandera jaitsieraz, berriz, Arkaitz taldea arduratuko da», azaldu du Marrahik.

