Lourdes Herrasti eta Paco Etxeberriaren ibilbidea aitortuko du Gipuzkoako Aldundiak
Memoria demokratikoa berreskuratzen egindako ekarpenagatik, omenaldi instituzionala egingo diete hilaren 17an, Aieteko Jauregiko lorategietan.
Lourdes Herrasti, Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan.Joseba Parron San Sebastian 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen eta gerraren hasieraren 90. urteurrena dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria eta aitortza ekitaldi instituzionala egingo du datorren uztailaren 17an, 18:00etan, Aieteko Jauregiko lorategietan. Aurten, Lourdes Herrasti eta Paco Etxeberria omenduko dituzte. IRUTXULOKO HITZAk Herrasti elkarrizketatu zuen duela bi urte.
Biak erreferente dira frankismoaren biktimen ikerketan, desagertutako pertsonen hobien lokalizazioan, gorpuzkien berreskurapenean eta identifikazioan, eta haien ibilbideak ekarpen erabakigarria egin dio memoria demokratikoaren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko lanari.
Gogorarazi behar da Etxeberriak aldundiaren Giza Eskubideen Saria jaso zuela bere garaian. Herrastik, berriz, erakundearen lehen aitortza instituzionala jasoko du, arkeologia forentsearen eta memoria historikoa berreskuratzeko lanaren arloan egindako ibilbide eredugarriagatik.
Aitortza hau aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Zuzendaritza Nagusiak sustaturikoa da. Memoria demokratikoa zaintzeko erakundeak duen konpromisoaren adierazgarri da, eta, aldi berean, helburu du giza eskubideen aldeko konpromisoa, ikerketa historikoa eta zorroztasun zientifikoa oinarri hartuta, hamarkadetan zehar biktimen nortasuna eta duintasuna berreskuratzen eta haien senideei erantzunak ematen lagundu duten pertsonen lana aitortzea.
Aurten, frankismoaren biktimen inguruko egia argitzen, hobiak lokalizatzen eta gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzen egindako ekarpenagatik nabarmendu diren bi profesional izango dira omenaldiaren ardatz.

