«Espainia momentuz ez dago finalean»
Jon Insausti alkateak ez du baztertu hirian pantaila erraldoi bat jartzea, Espainia Munduko Futbol Koparen finalera sailkatzen bada.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Frantzia eta Espainia aurrez aurre ariko dira gaur Munduko Futbol Kopako finalerdietan. Irabazten duena iritsiko da finalera, eta Espainia bada, Donostian finala ikusteko pantaila erraldoirik jarriko ote den galdegin diote Jon Insausti alkateari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian.
Ezer baino lehen, Donosti Cup txapelketari egin dio erreferentzia Insaustik: “Txikitasunetik handiak garela nabarmendu behar dut. Munduko Kopa aurreko astean jokatu zen Donostian; Donosti Cup txapelketa. 30 herrialde, 60 zelai eta 2.300 partida. Uste dut horrek erakusten duela Donostia ere mundiala dela”.
Galderari erantzunez, “poliki-poliki eta partidaz partida” joan behar dela adierazi du. “Espainia momentuz ez dago finalean, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Hipotesi berririk bada landuko dugu, inolako konplexurik gabe”, nabarmendu du. Horiek horrela, ez du baztertu hirian pantaila erraldoi bat jartzea, Espainia finalera iristen bada.
Realarekin konparazio bat egiteko ere aprobetxatu du gaia: “Gogoan dut Realaren kopari buruz hitz egiterakoan, pantailari buruz ez genuela hitz egin finalera iritsi ziren arte. Beraz, zuhurtzia bera izango dugu. Hori bai, bihar goizean beste egoera batean egongo gara. Beharko balitz, prest nago kiroletako zinegotziarekin hitz egiteko”.
Hain zuzen ere, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak El Diario Vasco egunkariari baieztatu dio udalak pantaila erraldoi bat jarriko duela, Espainia finalera iristen bada. Era berean, esan du pantaila hori ez litzakeela Alderdi Ederren jarriko, hiriko beste toki batean baizik.

