Galiziako uretan lehiatuko dira traineru donostiarrak asteburuan
Donostiarrako mutilak, joan den asteko estropadetako batean.Aitor Arrizabalaga Eusko Label eta Euskotren ligak aurrera doaz, eta Galiziako uretan lehiatuko dira asteburu honetan Donostia Arraun Lagunak-eko neskak eta Donostiarrako neskak eta mutilak: Chapelan larunbatean (hilak 18) eta Bueun igandean (hilak 19). Larunbatean, 17:35ean abiatuko dira neskak eta 18:16ean mutilak. Igandean, aldiz, 11:25ean neskak eta 12:21ean mutilak.
Euskotren ligan, bostetik bost bandera irabazi ditu orain arte Donostia Arraun Lagunak-ek, eta, noski, ligako liderra da. Lidergo hori are gehiago sendotzea dute helburu, Chapelan eta Bueun ere irabazi, eta Tolosaldea bigarren sailkatuarekin eta San Juan hirugarrenarekin duten aldea handituz. Donostiarra, aldiz, azken postuan dago, eta burua altxatzera doa Galiziara, estropada onak egin, eta sailkapenean gora egiten hasteko.
Eusko Label ligan, aldiz, bost onenen artean dago Donostiarra, baina sailkapenean gorago egotea dute helburu. Horretarako, estropada onak egin beharko dituzte larunbatean eta igandean, eta, ahal bada, banderaren bat astindu.

