EH Bilduk salatu du udalak Bretxako Arrandegiari buruz emandako hitza hautsi duela
Arrandegi eraikina, Bretxan.Beñat Parra EH Bilduk salatu du Donostiako Udal Gobernuak ez duela beteko Arrandegi eraikinari eta Bretxari buruz duela bi urte lortutako akordioa. Sustapeneko azken Administrazio Kontseiluan hartutako erabakien ondoren, koalizioak berretsi du, hala, Parte Zaharreko bizilagunak eta zuzeneko udal kudeaketa izango direla kaltetu nagusiak.
Akordio haren ardatz nagusiak ziren eraikinaren lagapena etetea, kudeaketa publiko zuzena berreskuratzea eta espazioen banaketa zein erabilera Parte Zaharreko bizilagunekin adostea. Koalizioak gogorarazi duenez, bizilagunek gimnasio publiko bat, eguneko zentro berri bat eta auzoko elkarteentzako guneak kokatzea lehenetsi zuten. Negoziazioetan, halaber, eguneko zentroa Arkoak eraikinera lekualdatzea eta bertako gimnasio pribatuan Kirol Txartela erabiltzeko aukera ere proposatu ziren.
“Ez dute hitza bete”
Hala ere, atzo egindako Sustapeneko Administrazio Kontseiluaren ostean, akordio horiek betetzeko “itxaropen zantzu oro itzali dela” salatu du EH Bilduk, eta horregatik ez dituzte aurkeztutako proposamenak babestu. Hartutako erabakien ondorioz, egoera honakoa izango da, koalizioaren arabera:
- Arrandegi eraikineko lehen solairuan Nasara gunea sortuko dute; nahiz eta Sustapenak ostalaritza prestakuntzarako edota inklusiorako gisa saldu nahi duen, esku pribatuetan geratuko den susmoa areagotu egin da.
- Parte Zaharreko beharrei erantzuteko akordioa ez da beteko. Gimnasio publikoa eta eguneko zentro berria baztertu egin dituzte, baita Arkoak eraikinerako pentsatutako erabilerak ere.
- Gimnasio pribatuan ezin izango da Kirol Txartela erabili.
- Eguneko zentroarentzat planteatzen zen azaleraren zati batean merkataritza jarduera pribatu bat ezarriko dute.
- Baserritarrak Arrandegi eraikinaren barruan kokatuko dituzte, euren borondatearen aurka.
- Hutsik geratzen diren postuak merkatu tradizionalarekin zerikusirik ez duten jardueretarako erabiltzeko aukera zabalik geratuko da.
EH Bilduk gogor kritikatu du politika egiteko modu hori, “betetzen ez diren akordio eta promesetan” oinarritzen delako. Koalizioko udal taldeak berretsi du lanean jarraituko duela politika eredu hori egungo udalaren kudeaketatik desagertu dadin.

