Jaien azken egunean «jazarpen poliziala» pairatu zutela salatu du kaiko Karmengo jai batzordeak
Karmengo jai batzordeak azaldu duenez, "Ertzaintzaren kolpeen ondorioz", lau kide "urgentziaz" artatu behar izan zituzten, eta "beste hainbestek kolpe handiak jaso" zituzten. Pertsona bat ere atxilotu zuten.
Karmengo jaietako Ertzaintzaren oldarraldiak eragindako zenbait zauri.Karmengo jaiak Igandean bukatu ziren kaiko Karmengo jaiak, baina jai batzordeak salatu duenez, ez ziren ondo bukatu: “Irmoki salatu nahi dugu igande gauean gertatutako istiluetan jai eremuan ginenon aurka Ertzaintzak izandako jarrera erasotzaile eta oldarkorra”.
Azaldu dutenez, jai gunea itxi ostean izan zen Ertzaintzaren oldarraldia: “Jai gunetik kanpo emandako gertakari batzuen testuinguruan, Ertzaintza korrika, oldarkor eta erasokor iritsi zen jai gunera”.
Jai batzordearen arabera, “giro hori apaldu nahian”, hainbat kide eta hainbat auzotar batzuk ertzainengana joan ziren, euren burua identifikatuz eta bertan zeuden herritarrei jotzeari uzteko eta gunetik ateratzeko eskatuz. Aldiz, “ertzainek kolpeka eta mehatxuka eta oso modu oldarkorrean erantzun zuten”, batzordearen hitzetan.
Lau kide artatuta eta atxilotu bat
Ertzainen kolpeen ondorioz, lau kide “urgentziaz” artatuak izan behar izan zirela deitoratu du jai batzordeak, baita “beste hainbestek” kolpeak jaso zituztela ere, prentsara helarazitako irudian ikus daitekeen moduan.
Horrez gain, pertsona bat atxilotua izan zela azaldu dute eta hainbat identifikatu egin zituzten ertzainek: “Zer egotziko dieten zain gauden honetan, gure babesa adierazi nahi diegu”. Gaineratu dutenez, adin txikikoak ere bazeuden momentu horretan jai gunean, eta “gurasoei deitzeko eskubidea ukatu” zieten ertzainek, jai batzordeak salatu duenez.
“Jai gunea gune seguru, aske eta osasuntsua izateko saiakera egiten dugu etengabe, baina, igandean, Ertzaintzak hori guztia hankaz gora jarri, eta bortxaz eta indarkeriaz hartu zuen gunea”, gaineratu du jai batzordeak, haserre.
Era berean, “herritarron segurtasuna bermatzeko den indar polizial batek horrelako jarrera izatea guztiz lekuz kanpo” dagoela salatu dute jai batzordeko kideek, baita nabarmendu ere “jaiak antolatzen eta gune seguruen alde lanean” jarraituko dutela.


