EAJ eta PP birgaitze handietatik sortzen diren etxebizitza berrien zati bat babestearen kontra agertu dira
Horrela ere, eskaera hori jasotzen duen EH Bilduren mozioa onartu zuen udalbatzak, PSE-EEren eta Elkarrekin Donostiaren botoekin.
Camino kaleko 1. zenbakiko eraikina erosi du Impar Capital inbertsio funtsak.Impar Capital Agerikoa da gai batzuen inguruan ez daudela ados Donostiako Udal Gobernua osatzen duten bi alderdiak. Hau da, EAJ eta PSE-EE. Atzoko uztaileko udalbatzarrean, bien arteko beste desadostasun bat azaleratu zuen EH Bilduk aurkezturiko mozio batek.
Udal gobernuari eskatu zioten birgaitze handiko jarduerengatik, erabilera aldaketengatik, solairu altxaeretatik eta bereizketatik, sortu daitezkeen etxebizitza berrien ehuneko bat babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatzea ahalbidetzeko beharrezko neurriak aztertzeko. PSE-EE proposamen horren alde agertu zen, baina EAJk kontra bozkatu zuen, PPrekin batera. Aldiz, Elkarrekin Donostiak EH Bilduren eskaera onetsi zuen, eta udalbatzak mozioa bera onartu zuen. Gogoratu behar da ez dela loteslea, eta udal gobernua ez dagoela derrigortuta osoko bilkuran onarturikoa betetzera.
Mozioak lotura zuzena du Impar Capital funtsak Camino kaleko 1. zenbakia erosi, eta han luxuzko etxebizitzak eraikitzeko asmoarekin. Udalak eraikin horri erabilera turistikorik emango ez ziola adierazi arren, azken egunotan jakin ahal izan da Marriot hotelen kateak luxuzko apartamentuak jarri nahi dituela eraikin horretan. “Ikusten ari gara hotelak eraikitzeko debekua indarrean dagoenez, hainbat eraikinetan luxuzko etxe edo apartamenduak eraikitzen dituztela. Luxuzkoak, donostiar gehiengo zabalarentzat eskuragarriak ez direnak eta helburu espekulatibo garbia dutenak”, deitoratu zuen Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.
Bestalde, gogorarazi zuen HAPOaren aurrerakinak aurreikusten duena: “Birgaitze handien, bereizketan eta erabilera aldaketen ondorioz sor daitezkeen etxebizitzen zati bat, gutxienez, babes publiko etxebizitza gisa kalifikatu daitezke”. PSE-EE eta Elkarrekin Donostia neurria aplikatzearen alde agertu ziren, eta Juantxo Marrero sozialistak esan zuen etxebizitzaren alorrean defendatzen dituzten politikekin bat egiten duela.
Aldiz, EAJ eta PP eskaera horrekin oso kritiko agertu ziren. Nekane Arzallus Hirigintzako zinegotziak eta jeltzaleen bozeramaileak EH Bilduri egotzi zion “hauteskunde proposamen” bat egin izana. Era berean, halako neurri batek birgaitze handiak geldituko lituzkeela, eta horiek aurrera eramateko “zama” bat izango litzatekeela: “Indarrean jarriz gero ez litzateke birgaitzerik eta etxebizitzen bereizketarik egongo. Esperpento bat da”. Popularren zinegotzi Vanessa Velezek, berriz, ezkerrezko ideologiaren kontrako ohiko argudioa errepikatu zuen: “Ezkerrak horrelako asmoak dituzten etxebizitzen jabeak desjabetu nahi ditu”.

