Espainiako selekzioak udal gobernuaren arrakala ideologikoa irudikatu du
PSE-EEk Munduko Futbol Kopako finala ikusteko eta Espainia animatzeko pantaila bat jarri zuen Anoetaren alboan. EAJk erabakia onetsi arren, gaiarekin deseroso agertu ziren. Orain, Mikel Oiartzabal eta Martin Zubimendi omentzeko eskatu diote sozialistek jeltzaleei.
Donostiako PSE-EEren zinegotzietako batzuk, Anoeta estadioaren alboan, pasa den igandean.PSE-EE Donostiako Udal Gobernuko bi bazkideen arteko talka moduko bat azaleratu du Espainiako futbol selekzioak eta Munduko Kopak. EAJk garrantzia kendu nahi izan dion modu berean, PSE-EEk Espainiako futbol selekzioaren aldeko aldarria zein jarrera nabarmendu ditu. Jon Insausti alkateak gaiaren inguruko adierazpenak egin orduko, Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileak jarraian erantzun du prentsa oharren bidez.
Pasa den igandean, udalak Argentinaren eta Espainiaren arteko finala ikusteko pantaila jarri zuen Anoeta estadioaren albo batean. PSE-EEk sustatu eta jartzea erabaki zuen, Donostia Kirolaren bidez. Behin finala irabazita, udalak Mikel Oiartzabal eta Martin Zubimendi munduko txapeldunak omentzeko eskatu dute sozialistek. «Horrelako kirol arrakasta handi baten aurrean ezin gara zorion mezu edo telefono dei soil batera mugatu. Bi jokalariek merezi duten harrera antolatu behar dugu», adierazi du Oiarbidek.
Kirol erreferente ez ezik, milaka gazterentzat erreferente pertsonalak ere badirela nabarmendu du, eta «Donostiaren enbaxadore apartak» direla: «Badakigu biek konpromiso eta agenda oso beteak dituztela uda honetan, baina ziur gaude une egokia aurkituko dugula hiri osoaren maitasuna eta aitortza jaso ditzaten. Garrantzitsuena da Donostia haiez eta ordezkatzen duten guztiaz oso harro dagoela ikustaraztea».
Prest agertu da
Jon Insausti alkatea prest agertu da bi jokalariekin hitz egiteko, «naturaltasunez», eta ez du baztertu aitortza publiko bat egiteko aukera: «Ez dut ukatuko, beraiekin hitz egitea gustatuko litzaidake, haien bizipenak eta emozioak ezagutzeko. Ordea, ez dut ezer behartu nahi, eta garrantzitsua izango da haiekin hitz egin eta haiek entzutea». Omenaldiren bat egitekotan, finalaren osteko «intentsitatea eta handitasuna» apaldu behar dela uste du. Astekari honen edizioa ixterakoan, udalak ez zuen erabakirik hartuta.

