Kontxako badian ariko dira etxeko hiru ordezkariak
Donostiarrak antolaturiko bandera jokatuko da bihar, eta etzi Getxon ariko dira Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak.
Donostiako XVIII. eta X. Fabrika banderen aurkezpena.TKE Denboraldiaren erdialdera iristen ari dira Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarrako bi traineruak. Zortzigarren eta bederatzigarren jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan, etxetik hasita. Izan ere, Donostiako Kontxako badian jokatuko dira biharko Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Donostiarrak antolaturiko banderak oroitzapen onak izan ohi ditu hiriko hiru ordezkarientzat.
Emakumezkoen lehia 17:25ean abiatuko da, eta gizonezkoena 18:16ean. Itsasoan maila ematen ahaleginduko dira Donostia Arraun Lagunak-eko eta Donostiarrako neskak. Biek erronka oso desberdinak dituzte. Arraunek zortzigarren bandera jarraian irabazteko aukera izango du, eta, gainera, etxean. Donostiarrak, berriz, beheko postuetatik urruntzeko ahalegin berezia egin beharko dute. Mutilei dagokienez, Donostiarrak maiz irabazi izan du etxeko bandera, eta bertsiorik onena eman beharko du gainerako lehiakideak menderatzeko. Beste urte batzuetan erakutsi moduan, ez da ezinezkoa.
Etzi, Getxoko uretan ariko dira traineruak, oso bestelako estropada eremuan. Han ere mailarik onena eman beharko dute Donostiako hiru traineruek bakoitzaren helburuak betetzeko. Nesken lehia 11:25ean hasiko da, eta mutilena 12:21ean.

