Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz dominetatik urrun geratu dira
Donostia Atletikoko lasartearrak zazpigarren bukatu du K1 modalitatean, eta donostiarrak hamargarren tokian.
Maialen Chourraut lasartearra K1 modalitateko bakarkako finalean.BAT Basque Team Ez da posible izan. Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz dominen lehiatik kanpo geratu ziren atzo Oklahomako ur bizietako munduko txapelketan. K1 modalitateko final handian, zazpigarren postuan bukatu zuen lasartearrak, eta hamargarren izan zen donostiarra. Gogoratu behar da, Chourraut modalitate horretako Olinpiar Jokoetan hiru aldiz igo dela podiumera, eta Etxanizek brontzezko domina eskuratu zuen Parisko Jokoetan.
Emakumezkoen K1 modalitateko finalean hamaika arerio gazteago izan zituen Chourrautek. Izan ere, 43 urte ditu lasartearrak, hogei urte daramatza goi mailan lehiatzen, eta atzo beste final bat jokatu zuen. Jaitsieran ez zuen hutsik egin eta ez zuen zigorrik jaso, 97.05eko denbora eginez. Gainera, finalerdian baino azkarrago aritu zen. Dena dela, arerioak azkarrago ibili ziren. Jessica Foxek irabazi zuen urrea, Evy Leibfarthek zilarra eta Kimberley Woodsek brontzea.
Chourrautek hamalau munduko txapelketa jokatu ditu, sei finaletan aritu da eta bi domina eskuratu ditu. “43 urterekin hobetzeko grinari eustea astakeria iruditzen zait batzuetan, baina aldi berean pentsatzen dut pribilegiatu bat naizela. Orduan zergatik ez, goazen aurrera”, adierazi zuen atzo lasartearrak.
Gizonezkoen finala, berriz, Etxanizen bigarren esperientzia izan zen, 2023koan aritu ostean. Orduan, zortzigarren denbora lortu zuen. Atzo, donostiarrak emaitza hobea lortzea espero zuen arren, jaitsieran izandako akatsek baldintzatu zuten. Hamargarren tokian bukatu zuen 90.02ko denborarekin. Urrea Jakub Krejci txekiarrak eskuratu zuen, zilarra Michal Pasiut poloniarrak eta brontzea Giovanni de Gennaro italiarrak.


