Egiako igogailua 2027an ezingo dela eraiki dio udal gobernuak
Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak konpromisoa agertu du auzotarrekin lantzeko azpiegituraren proiektua.
Ametzagaña eta Karmenago Ama kaleen arteko gune honetan igogailua jartzea nahi dute. Nagore Garmendia Mugikortasun bertikala hizpide izan zuten pasa den asteko uztaileko osoko bilkuran. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozio bana aurkeztu zuten, 2017ako Mugikortasun bertikalaren plan zuzentzailea berritu gabe dagoela gogorarazteko. Horrekin batera, koalizio abertzaleak Egiako igogailua 2027an eraikitzeko konpromisoa eskatu zion udal gobernuari, baina EAJk eta PSE-EEk eskaera horren kontra bozkatu zuten.
Egia Bizirik auzo elkarteak urteak daramatza eskatzen Karmengo Ama eta Ametzagaña kaleak lotuko lituzkeen igogailua jartzeko. Kata taberna dagoen kalexkan soilik eskailera multzo bat dago, eta desnibel hori gainditzeko eskatzen dute igogailu bertikala.
“Azken hamar urteotan soilik zortzi igogailu egin dira hogeita seitik. Plana berritzea eta hurrenkera mantentzea eskatzen dugu, eta Katako igogailuari lehentasuna ematea. Udal gobernuak ez badu konpromisorik hartzen, borondate politikorik ez duelako da”, nabarmendu zuen Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotzia, iragan asteko udalbatzarrean.
Olatz Yarza Mugikortasuneko zinegotziak erantzun zion Katako igogailua 2027an egitea ez dela posible: “Lehenik, aukeren analisi bat egin behar da. Ondoren, aurreproiektu bat, proiektua bera eta lanen adjudikazioa. Hori guztia ezin da urtebetean egin. Dena dela, konpromisoa hartzen dugu auzotarrekin lantzeko igogailuaren proiektua”.
Hain zuzen ere, irailean bilera bat egingo dute Egia Bizirik-ek eta Mugikortasun Sailak. Egiako igogailuaren proiektua martxan jartzea izango da auzo elkartearen helburua.

