Getxokoa lehiatu ahal izan dute emakumezkoek, eta liderrak ez du hutsik egin
Donostiako estropada bertan behera utzi ostean, Donostia Arraun Lagunak-ek bere nagusitasuna berretsi du. Donostiarraren bi ontziek asteburu zaila izan dute.
Donostia Arraun Lagunak ziaboga batetik ateratzen, Getxoko estropadan.Aitor Arrizabalaga Zeresana emango duen asteburua gainditu dute Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek. Batez ere, Donostian larunbatean jokatu zenak eta ez zenak; soilik gizonezkoak aritu zirelako erlojuaren kontra. Atzo, berriz, eguraldi petralak ez zuen horrenbeste baldintzatu Getxoko bandera, eta bi ligek normaltasuna berreskuratu zuten.
Emakumezkoetan, larunbateko ezina gainditu zuten estropada ikusgarri batekin. Donostia Arraun Lagunak amorratuta zegoen larunbatean, lehiatzerik izan ez zutelako. Indarrak ondo gorde, eta atzo azaleratu zituzten, aurreko jardunaldietan erakutsi moduan. Aise irabazi zuten Getxoko bandera, Tolosaldea, San Juan eta Astillero ontzien aurretik. Horrela, lidergoa sendotu du Lugañeneak; 64 puntu dituzte, Tolosaldea bigarrenak baino hamalau gehiago.
Donostiarrako neskek, berriz, seigarren tokian bukatu zuten, Hibaika eta Zumaia atzean utzita. Horrela ere, sailkapen orokorreko azken tokian jarraitzen dute 18 punturekin.
Gizonezkoetan, Donostiarrako mutilek ahazteko estropada jokatu zuten atzo, Bizkaiko uretan. Dena kontrara aritu ziren arraunean, ohorezko txanda izan zelako baldintza txarrenak izan zituena. Lehiak aurrera egin ahala, Torrekua II ontzia hondoratu egin zen. Pentsa, Zierbena izan zen txandako onena, eta sailkapenean zazpigarren tokian bukatu zuen. Bandera, berriz, Urdaibaik irabazi zuen, lehen txandan aritutako ontzien baldintza onagoak baliatuta. Sailkapen orokorrean, Donostiarrak seigarren postuan jarraitzen du, eta orain 63 puntu dituzte.



