Josu Zabalaren hilketa, 'El Desencanto' filma eta iskanbila Zinemaldian
Elias Kerejetak 'El Desencanto' film entzutetsua erretiratu zuen Zinemalditik, duela 50 urte, "errepresio bortitzaren aurka protesta egiteko". Iskanbila handia sortu zen Zinemaldiaren inguruan horren guztiaren harira. 'El Desencanto' film zaharberritua proiektatuko dute aurten Donostiako Zinemaldian.
Josu Zabalaren hilketa salatzeko manifestazioa, 1976ko Zinemaldiaren testuinguruan, Viktoria Eugenia antzokitik pasatzen.Arturo Delgado / Zinemaldia Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu berri du Josu Zabala Erasun, 1976ko irailaren 8an Guardia Zibilak Hondarribian tiroz hildako Irungo gaztea. Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur donostiarraren desagerpena salatzeko manifestazio batean parte hartzen ari zen Zabala. 50 urte bete berri dira Pertur desagerrarazi zutenetik, eta, beraz, beste horrenbeste beteko dira irailean Zabalaren hilketatik. Erailketa horrek eragin nabarmena izan zuen Euskal Herri osoan, baita Donostian ere, eta, hain zuzen ere, 50 urte beteko dira Zabalaren hilketarengatik Donostiako Zinemaldian bizitako gertakari historikoez.
Irailaren 11tik 22ra egin zuten 1976ko Zinemaldia, eta, beraz, Guardia Zibilak Zabala hil berritan hasi zen. Hain justu, zenbait gertakari esanguratsu izan ziren 24. Zinemaldi haren bueltan Zabalaren erailketarengatik, hala nola El Desencanto filma programaziotik kentzea. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokiak) denak bildu ditu, txosten batean.
Nabarmentzekoa da Chavarri omendu dutela aurten Malagako Zinemaldian, eta El Desencanto-ren 50. urteurrenaren bueltan, omenaldi gisara, filmaren kopia zaharberritua proiektatu zutela jaialdian. Hain zuzen ere, Malagan estreinatu ostean, Donostiako Zinemaldian ere proiektatuko dute.
Filma jaialditik erretiratzea erabaki zuen Kerejetak, orduan prentsari helarazitako gutun batean nabarmendu zuenez, “euskal herriak bizi duen errepresio bortitzaren aurka protesta egiteko”
Kerejeta eta ‘El Desencanto’
Francisco Franco diktadorea hil zenetik urtebete baino gutxiago pasatu zen 1976ko irailean, eta, noski, garai nahasi eta bortitzak bizi zituen gizarteak. El Desencanto filma estreinatzekoak ziren Zinemaldian, Espainiako Trantsizioa deiturikoaren garaiko film garrantzitsuenetako bat izan zena. Jaime Chavarrik zuzendu zuen filma eta Elias Kerejetak ekoiztu zuen; garaiko zinemagile espainiar garrantzitsuenetako bat zen orduan Chavarri.
Tentsioa eta errepresioa bortitzak ziren egun haietan, eta, hori kontuan hartuta, filma jaialditik erretiratzea erabaki zuen Kerejetak, orduan prentsari helarazitako gutun batean nabarmendu zuenez, “euskal herriak bizi duen errepresio bortitzaren aurka protesta egiteko”.
Gipuzkoako 29 pertsona ezagunek osatutako batzorde batek —Eduardo Txillida eta Juan Maria Bandres tartean— babesa helarazi zion publikoki Kerejetaren erabakiari
Erabaki historiko horrek askotariko erreakzioak eta babesa sortu zituen, auziari are oihartzun handiagoa emanez. Alde batetik, Gipuzkoako 29 pertsona ezagunek osatutako batzorde batek —Eduardo Txillida eta Juan Maria Bandres tartean— babesa helarazi zion publikoki Kerejetaren erabakiari: “Amnistiaren Aldeko Batzordeak positibotzat jo du erabaki hori, gertatu den testuinguruagatik herriarekiko elkartasun adierazpena baita. Ondorioz, Batzordeak bere onespen publikoa erakutsi behar du, El Desencanto filmaren ekoizpenean parte hartu dutenen keinuagatik”.
Bestetik, nabarmentzekoa da hainbat argitalpenetako kazetariek ere jaialdia utzi zutela. Horrela jaso zuen El País egunkariak hori, 1976ko irailaren 15ean: “Jaialdia Hondarribiko biktimak Euskal Herri osoan egindako elkartasun-adierazpenetatik eta ordena publikoko indarrek sistematikoki egindako indarkeriazko errepresiotik kanpo agertu denez, behean sinatzen dutenek, aipatzen diren argitalpenen kolaboratzaileek, jaialditik erretiratzea erabaki dute eta erabaki horren berri eman dute beren egunkari eta aldizkarietan”.
Udal adierazpena eta polizia indarkeria
Egoera horren guztiaren aurrean, Donostiako Udala irailaren 11n bildu zen, ezohiko eta premiazko bilkuran, erakunde adierazpen bat onartzeko. Besteak beste, honakoa zioen adierazpenak: “Udal honen eta Donostiako herriaren elkartasuna adieraztea, Irungo eta Hondarribiko udalbatzen eta herriaren minarekin”, “adierazpen eta manifestazio baketsuko eskubideen errepresioa gogor gaitzestea, are gehiago horretarako erabilitako bitartekoen desproportzio larriaren ondorioz” eta “erregeari helaraztea udal korporazio honen kezka sakona, gertakari horiek herrian sortzen ari diren antsietate larria eta Euskal Herriak pairatzen dituen izaera bereko arazoei neurri politiko hutsak presaz aplikatzeko beharra”.
Viktoria Eugenia antzokiaren inguruan, ordea, Poliziak pertsona taldea inguratu zuen, eta haien aurka gogor oldartu zen, besteak beste, Otazu alkateordea jipoituz
Udalbatzarrera herritar ugari bertaratu ziren, eta bilkuraren ostean, Agote zinegotzia eta Otazu alkateordearekin batera, Zinemaldiaren inauguraziora manifestazioan joan ziren. Viktoria Eugenia antzokiaren inguruan, ordea, Poliziak pertsona taldea inguratu zuen, eta haien aurka gogor oldartu zen, besteak beste, Otazu jipoituz.
Horren harira, beste gertakari historiko bat izan zen Zinemaldian. Izan ere, jaialdiak inaugurazio afaria bertan bertan behera utzi zuen, eta gala izaera kendu zien lehenengo saioei. Hori, ordea, ez zen nahikoa izan, eta, polizia indarkeriaren aurrean, Pedro Maso eta Pilar Miro zuzendariek; Ramiro Oliveros, Monica Randall eta Amparo Soler Leal aktoreek eta Pedro Crespo (ABC), Alfonso Sanchez (Informaciones) eta Joaquin Llena (Cambio 16) kazetariek protesta egiten zuten inaugurazioaren gauean, egoera soziala ikusita, “Zinemaldia sail bakoitzerako hautatutako filmak erakustera mugatzea” eskatuz.
Horrela, 50 urteren ondoren El Desencanto zaharberritua Donostiako Zinemaldian proiektatzea justiziazko jarduera izango da, jaialdiaren eta filmaren inguruko gertakarien ernamuinean dauden Zabalaren eta Perturren kasuek justiziari gabe jarraitzen duten arren. Momentuz, ez dago urteurren horren inguruko bestelako ekitaldirik edo jarduerarik iragarrita Donostian.

