Pertur, 50 urtez desagerrarazia
50 urte bete berri dira Euskal Herriko desagerpen behartu ezagunenetako bat gertatu zenetik: 1976ko uztailaren 23an, azken aldiz ikusi zuten bizirik Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETApm-ko militantea. Bere gorpua ez da inoiz agertu.
Perturren desagerpena salatzeko manifestazio bat, Donostian.GEBehatokia Duela 50 urte ikusi zuten azken aldiz Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko militantea, 1976ko uztailaren 23an. Ez da Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan izandako desagerpen bakarra, baina bai ezagunenetako bat, izan zuen oihartzunarengatik eta, oraindik ere, ez dagoelako argi zer pasatu zitzaion Perturri.
Figura ezaguna
1950ean Donostian jaioa, Perturrek pisu handia zuen ETAn 1972tik; Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zegoen ordurako. Iñaki Egaña historialari donostiarrak urte luzez eta modu sakonean ikertu du kasua, eta hainbat argitalpenetan azaldu izan duenez, 1975erako, ETApm-ko figura politiko ezagunenetako bat zen Pertur; besteak beste, hainbat hedabidetan argitaratu zituzten bere argazkiak.
Era berean, Perturrek eta haren gertukoek gerra zikina pairatu zuten desagerpenaren aurretik, behin baino gehiagotan. Egañak Objetos perdidos liburuan jaso zuenez (Txalaparta, 2021), besteak beste, gertakari hauek izan ziren aurreko hilabeteetan: 1975eko azaroan, familiaren etxebizitza baten aurkako eraso armatua egin zuen norbaitek eta, 1976ko apirilean, Perturren ama Marta Bergaretxe atxilotu eta hiru egunez bahituta eduki zuen Poliziak.
Hitzordu faltsua eta teoriak
Desagerrarazi zuten egunean, Behobia inguruan bilera bat edukitzekoa zen Pertur, baina hitzordua faltsua zen; Sabin Atxalandabaso militanteak ere antzeko deialdia jaso zuen, baina beranduegi jaso zuen eta ez zen joan. Hitzorduaren aurretik, ETApm-ko Francisco Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategirekin kointziditu zuen Perturrek, eta haiek baieztatu zutenez, autoan eraman zuten Behobia ingurura.
Horren ondoren desagertu zen Pertur, eta ez da inoiz agertu. ETApm-ren orduko ikerketa batek zioen, hainbat lekukotza jasota, Donostiako Brigada Politiko-Sozialeko hiru polizia ibili zirela gau hartan Behobia inguruan; estatuaren gerra zikina jo du erruduntzat hamarkadotan ezker abertzaleak. ETApm-ren eta erakunde horretako berezien —Mujika eta Apalategi horietakoak ziren— arteko tentsio handiak zeuden garai hartan, eta, horren harira, bereziek hil zutenaren hipotesia zabaldu zen, baita ere. Talde parapolizialei eta mertzenario faxista italiarrei ere egotzi izan zaie desagerpena.
Pista desberdinek hainbat lekutan kokatu izan dute Perturren gorpua hamarkadotan, eta prozesu judizialak garatu dira aipaturiko teoriak ikertzeko. Aldiz, ez da ez gorpua aurkitu, ezta teoriarik judizialki frogatu ere. Berriki, GEBehatokiak kasua ikertu du, eta ondorioztatu du desagerpena «estatu egiturekin lotutako operazio planifikatua» izan zela.
50 urteren ondoren, ordea, Perturren senide eta lagunek eta euskal gizarte osoak jarraitzen dute benetan zer gertatu zen jakin gabe, baina Pertur eta gainontzeko desagerraraziak ahaztu gabe.


