Naturari lotutako Aste Nagusi «astronomikoa» aurkeztu du udalak
Aste Nagusiaren aurkezpena egin du udalak Gladys Enea parkean.Maddi Viana Aste Nagusia 61. aldiz ospatuko da aurten eta naturari lotutakoa izango dela adierazi du Jon Insausti Donostiako alkateak; lehen aldiz, Gladys Enea, Aiete, Ametzagaina, Urgull eta Ulia parkeak “programazio ofizialaren parte” izango dira. Gainera, Insaustik gogorarazi du abuztuaren 12an eklipsea egongo dela. Umeentzako jarduera eskaintza egongo da Saguesen, bertan umeek “astronauta pasaportea” eskuratu ahal izango dute, eta, iluntzean, ETBrekin batera eta pantaila erraldoi bat jarriko dute “fenomeno astronomiko paregabe honetaz gozatzeko”.
Berritasun gehiago ere izango ditu aurtengo Aste Nagusiak, Kursaaleko terrazan, abuztuaren 10etik 13ra artean, Arratsaldea dantzatzen da! jarduera egongo da, zuzeneko musikaz girotutako dantzaldiak eskaintzeko. Abuztuaren 10ean Guretara jarduera egongo da eta “XX. mendeko 20ko hamarkadako Donostiako udaldietara eramango ditu herritarrak eta bisitariak”. Bestalde, kokotxak pil-pilean prestatzeko lehiaketa egingo da lehen aldiz.
Urteroko erraldoi eta buruhandiak ere egongo dira hiriko kaleetan zehar, baita Trinitate plazako herri kirolak, eta kirol eskaintza hiritik barrena ere: Zurriolan, Antiguan, Nautikoan eta Urumean, besteak beste. Lau egunetan zehar, zaratarik gabeko egunak edukiko dituzte Paseo Berriko eta Gipuzkoa plazako barrakek, “pertsona guztiek barrakez gozatzeko aukera” eduki dezaten. Eta, nola ez, urtero botatzen diren su artifizialak ere egongo dira; aurten Pirotecnia Valcearen 150. urteurrena ospatzeko, abuztuaren 15ean, ikuskizun “piromusikala” egingo da.
Hemen dago egitarau osoa ikusgarri.
Ikuskizun eta ekitaldietako langileen greba
Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek Gipuzkoa osoko grebara deitu zuten abuztuaren 14rako, Donostiako Aste Nagusiaren testuinguruan. Bere aldetik, Donostiako Piratek aditzera eman dute bertan behera utziko dituztela abuztuaren 14rako aurreikusita zeuden kontzertuak, grebarekin bat egiteko. Udalak, ordea, grebaren aurrean zein asmo duen galdetu ondoren, alkateak adierazi du greba errespetatzea dela udalaren asmoa eta nabarmendu du “kultura zaintzeko eta babesteko modurik onena kultura programatzea” dela. Insaustik aipatu du alkate izan aurretik Kultura zinegotzia izandakoa dela eta beti izan dela udalaren premisa “ahula den sektore bat zaintzea” eta bertan “lan egiten dutenen ordainsariari” azpimarra berezia egin diola beti Donostiako Udalak.
Horrela, abuztuaren 14ko programazioa mantendu egingo dela adierazi du Insaustik, eta eguna iristen doanean ikusiko dutela “zer egin egitarauari eusteko”.

