Donostiak ia erabateko eklipsea biziko du
2025eko eguzki eklipsea, Antiguatik ikusita.Joseba Parron San Sebastian Datorren abuztuaren 12an, azkenaldian hain entzuna izan den eguzki eklipseak bat egingo du Donostiako Aste Nagusiarekin. Fenomeno astronomiko horrek ikusmin handia sortu du, eta Eusko Jaurlaritzak zein Donostiako Udalak neurriak eta ekimenak iragarri dituzte, herritarrek gertaeraz modu seguruan eta atseginean gozatu ahal izateko.
Atzo aurkeztu zuen udalak Aste Nagusiko programazioa, eta aurtengo jaiak naturari lotutakoak izango direla azpimarratu zuen Jon Insausti Donostiako alkateak. Testuinguru horretan, eklipseak leku berezia izango du egitarauan; izan ere, udalak hainbat ekimen prestatu ditu Saguesen: alde batetik, haurrek “astronauta pasaportea” eskuratzeko aukera izango dute bertan, eta, bestetik, pantaila erraldoi bat jarriko dute, EITBrekin elkarlanean.
Ia erabatekoa, Donostian
Euskal Herritik ikusi ahal izango den eklipse hau ez da berdin behatuko lurralde osoan. Erabateko eklipsearen zerrendak Gipuzkoako hegoaldea zeharkatuko du, eta Donostia osotasun zerrenda horretatik kanpo geratuko den arren, fenomenoa ikusgarria izango da oso, Ilargiak eguzki diskoaren %99,75 ezkutatuko baitu hiriburuan.
Jaurlaritzaren kanpaina
Jende ugari mugituko dela aurreikusita, Eusko Jaurlaritzak behaketa segurua sustatzeko informazio kanpaina bat jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia alferrikako joan-etorriak saihestea eta begien segurtasuna bermatzea da.
Hala, gomendatu du, lekualdatzeko intentzioa izatekotan, bidaia aurretik planifikatzeko, denboraz iristeko eta itzulera mailakatzeko. Horrez gain, eguzkitik babesteko beharrezkoa dena (krema, txanoa edo kapelak) eskura edukitzeko eta hidratatuta mantentzeko.
Jaurlaritzak adierazi duenez, egoera onean dauden ISO 12312-2 betaurreko homologatuak soilik erabili behar dira, eta ez zaio eguzkiari, jarraian, 45 segundo baino gehiago begiratu behar. Eskatu dute inoiz ez begiratzeko babesik gabe, eta debekatu egin dute eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, kristal ketuak, argazki negatiboak edota ziurtatutako eguzki iragazkirik ez duten prismatiko, teleskopio zein kamerak erabiltzea.

