Udalak «errespetu eta erantzukizun falta handiarekin» jokatu duela salatu du KASek
Kaleko Afari Solidarioak taldeak udalaren partetik jaso duen debekua salatzeko agerraldia egin du, udaletxearen aurrean. Mobilizaziora deitu dute biharko (hilak 29), 20:00etan, Plaza Berritik abiatuta.
Udaletxearen aurrean egin du prentsaurrekoa KASek, Donostiako Udalak ezarri dion debekua salatzeko.Beñat Parra Donostiako Udalak astelehen iluntzean jakinarazi zion Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeari bere jarduna guztiz debekatzeko erabakia, eta, hori dela eta, KASeko boluntarioek ezin izango dituzte banatu egunero kale egoeran edo egoera oso zaurgarrian dauden pertsonen artean banatu ohi dituzten 300 afari beroak. Horren aurrean, KASek, herritar ugariren babesarekin, prentsaurrekoa eskaini du astearte eguerdian udaletxearen aurrean, Jon Insausti alkateak erabakiaren inguruko azalpenak eman ostean.
Udalak erabakia hartzeko eta komunikatzeko modua deitoratu dute KASeko kideek: “Jon Insausti alkateak udaltzainak bidali zituen atzo afari guneetara 20:00etan, sinatu eta arrazoitu gabeko orri informatibo baten bitartez boluntarioei gaurtik aurrera afariak banatzea debekatzen zitzaiela komunikatzeko. Orri horren ebazpena gaur 11:00etan egin da publiko”.
Horregatik, “erantzukizun eta errespetu falta handiarekin” jokatu izana leporatu diote udal gobernuari, “inork ez baitu KAS aurretik deitu, aurrez aurre gaiari buruz hitz egiteko eta egun batetik bestera 300 pertsona baino gehiago afaririk gabe ez uzteko”. Gaineratu dutenez, “erakutsitako orriak ez ditu debekuaren arrazoiak azaltzen eta espedientea eskatzeko lana” hartu behar izan dute boluntarioek.

Udaletxearen aurrean egin du prentsaurrekoa KASek, Donostiako Udalak ezarri dion debekua salatzeko.Beñat Parra
Afaririk ez
KASeko kideek nabarmen dutenez, “erantzukizunez” jokatuko dute boluntarioek, eta, hori dela eta, gaur ez dute afaririk banatuko: “Afaria banatzekotan, Poliziarengandik gogorki jazarriak izateko beldur gara, bai eta afaltzera datozenak ekimena defendatzeagatik jasan ditzaketen ondorio fisiko zein legalengatik ere. Guztion segurtasunaren beldur gara”. Hala ere, “argi” adierazi dute, hori dela eta, “300 pertsonak baino gehiagok ez dutela ahora zer eraman izango gaurtik aurrera”. Era berean, jakinarazi dute gaur iluntzean hiriko hiru afari banaketa puntuetara joango direla —Plaza Berria, Gipuzkoa plaza eta Anoeta ingurua—, erabiltzaileak “informatzea eta babestera”.
Hain zuzen ere, udal baliabideak “ez dira nahikoa”, KASeko kideek gaurkoan ere salatu dutenez: “Gauero ikusten dugu zein den hiriko kale egoeran bizi direnen errealitate latza eta argi dugu gure ekimena debekatuz gero, udalak 300 pertsona hauek artatzeko jantoki sozialak jarri behar dituela martxan gaur bertan”.

Udaletxearen aurrean egin du prentsaurrekoa KASek, Donostiako Udalak ezarri dion debekua salatzeko.Beñat Parra
“PPren eskakizunei men egin die”
Udalaren jarrera gogor salatu dute KASeko kideek: “Lotsagarria iruditzen zaigu, bai lehen Eneko Goia alkatearekin eta bai orain Jon Insaustiren alkatetzarekin, ez dela inoiz elkarlaguntzarako inongo disposiziorik erakutsi”. Ildo horretatik, “plan integralik” abiarazi ez izana eta “PPren zinegotzien eskakizunei men egin” izana deitoratu dute boluntarioek.
“Egoera larri baten aurrean aurkitzen gara”, gaineratu dute: “Debekuak ez du pertsonen gosea akabatuko. Alternatiba erreala exijitzen diogu udalari, orain eta hemen gure lan handia aitortu eta errespetatzeko”. Era berean, KASen noizbait parte hartu duten guztiei eta, oro har, hiriko eragile eta herritar guztiei eskatu diete “hurrengo mobilizazio, salaketa kanpaina eta gainerako ekimenekin bat egiteko”. Lehenengo mobilizazioa, hain zuzen ere, bihar iluntzean (hilak 29) izango da, 20:00etan, Parte Zaharreko Plaza Berritik abiatuta. Txalo zaparrada ozen eta luze batekin bukatu dute agerraldia.

