Ehunka pertsona batu dira Kaleko Afari Solidarioen alde
Mobilizazioarekin bat egin zuten herritarrek Plaza Berrian elkarrekin afaldu zuten, lurrean eserita, etxetik ekarritakoa janez.
KASen debekuaren aurka ehunka pertsona elkartu ziren atzo.Joseba Parron San Sebastian Ehunka pertsona bildu ziren atzo (hilak 29) Parte Zaharrean, Kaleko Afari Solidarioak debekatu izanaren aurka protesta egiteko. Lehenik manifestazioa egin zuten, eta, ondoren, Plaza Berrian elkarrekin afaldu zuten, lurrean eserita, etxetik ekarritakoa janez.
KASek manifestu hau plazaratu eta irakurri zuen:
“Donostiako Udalak, EAJ eta PSE alderdiek osatua eta Jon Insausti buru duela, Kaleko Afari Solidarioak debekatzea erabaki du. Ekimen hau duela ia sei urte hasi zen kaleko egoeran dauden pertsonekin lanean, eta, ekimen herrikoi eta solidarioa da.
Udalak 300 pertsona baino gehiago afaldu gabe utzi ditu atzotik aurrera, alkateak atzo aldarrikatu zituen ustezko baliabideak aktibatu gabe. Gaur egun, inork ez die afaltzera etorri ohi diren pertsonei jakinarazi beste inolako baliabide edo alternatibarik eskura dezaketenik.
KASetik behin eta berriz eskaini diogu udalari alternatiba duinagoak eta seguruagoak bilatzeko laguntza. Udalak ez du alternatiba bateraturik planteatu nahi izan, eta, gainera, mespretxatu egin du hiri honetako eta inguruetako ehunka herritarrok egiten dugun lana, urte hauetan guztietan eskubiderik oinarrizkoenak ez dituzten pertsonekin egunero elkarbizitzen lortu dugun ezagutzari muzin eginez.
Oso larriak iruditzen zaizkigu Alkateak egindako adierazpenak, non esplizituki aipatzen duen afari solidarioek delinkuentziara dei efektua egiten dutela. Baieztapen horiek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonenganako gorrotoa eta beldurra sustatzeko baino ez dute balio, eskuin muturraren diskurtsoekin bat eginez. Gure lana gutxiesteaz gain, seinalatu eta kriminalizatu egiten gaitu. Exijitzen dugu: debekua kentzea, harik eta erakundeek inor kanpoan utziko ez duen alternatiba erreal eta bideragarri bat antolatu arte.
Exijitzen dugu: Migrazioa eta delinkuentzia lotzen dituen diskurtsoak sustatzeari utz diezaiola. Exijitzen dugu: herritarren ekimen solidarioak gutxiesteari eta kriminalizatzeari utz diezaiola Bihar, alkateak azkenean tokia egin digu bere agenda estuan.
Bihar alkateak aukera bikaina du erakusteko ea debekuan berresten den irtenbide gisa edo KASekin elkarlanerako bideak irekitzeko prest dagoen. Alkate jaunaren leloa “humanismoa eta exijentzia” da. Humanismoa da azken sei urteotan KASek izan dena eta KASek egin duena, eta Exijentzia da gaur Alkateari eta Instituzioei egiten dieguna hitz hutsak eta populistak alde batera utzi eta urgentziaz lanean hasteko. Eskerrik asko guztioi, eskerrik asko gerturatu zaretenoi eta zuen babesa agertu duzuen kolektibo eta elkarte guztiei. Mobilizatzen jarraituko dugu egoera honi irtenbide duin bat eman arte”.
Jarraian ikus dezakezue Joseba Parron San Sebastian argazkilariak osaturiko irudi bilduma:

