Hondartzetako mobilizazioa egin dute Sarek eta Etxeratek Ondarretan
Sarek eta Etxeratek Ondarreta hondartza hartu dute aldarrikapena egiteko.Joseba Parron San Sebastian Igandean, hilak 2, egin dute Sarek eta Etxeratek Ondarreta hondartzan mobilizazioa. Hego Euskal Herriko beste 10 hondartzetan ere egin dute eragileek ekintza eta preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea eskatu dute.
Prentsaurrekoan adierazi zuten moduan, konponbidea lortzea “ez da nahia soilik”, euskal herritarren behar gisa identifikatu dute bi erakundeek. Eta horretarako bidea zein den “argi” dute: espetxe politika arruntean sakondu eta “oraindik erregimen itxian jarraitzen duten 45 presoak kalea zapaltzen hastea”. Gainera, ezinbestekotzat jo dute iraganeko eszenatokiak gainditu eta, elkarbizitzari zein etorkizunari begira jartzea.
“Helmugara iristeko nahi eta beharra dugu” adierazi dute bi eragileek eta helmuga denak etxean egongo diren eguna dela azaldu dute. Helburu hori lortzea bultzatzeko, “inoizko esfortzurik handiena” egingo dutela nabarmendu dute eta urtarrilaren 9rako mobilizaziora deitu dute. Bilbon elkartuko dira eta bertan aldarrikatuko dute berriro ere “euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri bat ezagutu” nahi dutela.

