Festetako lehenengo bertso saioak Easo plaza bete du
Easo plaza jendez beste zen jaietako lehen bertso saioa entzuteko. Andoitz Urdapilleta Goi-mailako bost bertsolari —Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze, Asier Azpiroz “Azpi” eta Xabat Illarregi— Ander Aranburu gai-jartzailearen agindupean aritu dira Aste Nagusiko lehen bertso saioan.
Astelehen eguerdia izan ohi da Donostiako Aste Nagusiaren egitarauaren barruan bertsozaleek borobildutako lehen data. Udalak jarritako 250 aulkiak motz gelditu dira eguzkia laino artean zegoelarik. Eguraldi aparta zegoen bost bertsolari bikainen bertsoez gozatzeko eta espero zen bezain eder aritu dira kantuan protagonistak.
Gaur egungo hainbat gairi kantatu diete bertsolariek, tartean, Kaleko Afari Solidarioetako (KAS) bi kideren paperetik aritu dira Artetxe eta Ibarzabal. Ibarzabalek afarien borrokan jarraitu nahi zuen, Artetxek, berriz, ez zuen irtenbiderik ikusten. Behin eta berriz entzuteko moduko ofizioa egin dute biek ala biek.
Gai serioei ihesi ere izan da umorerako tarterik. Kopletan fin-fin aritu dira Ibarzabal, Azpiroz eta Illarregi, Pasealeku Berriko barraketan igel saltarian ibili nahi zuen Ibarzabalek, ukabilkaden indarra neurtzen duen makinan Azpirozek eta tonbolan Illarregik. Hiru hauen ateraldiekin publikoa barrezka aritu da eta nabarmentzekoa izan da Illarregiren kopla hau:
“Nik tonbolara joan nahiago/ anima zaitezte, benga/ entzun dudanez Xabi Alonson/ txaleta zozketatzen da” eta horrela jarraitu du Azpirozek: “Xabi Alonson txaletaz ere/ zer kontu ta zer atake/ haren txakurran txabolarekin/ konformatuko nintzake“.
Aitor Mendiluze puntu-erantzunetan jarri du Aranburu gai-jartzaileak eta hitz egiten balego bezalaxe erantzun ditu andoaindarrak. Horretaz gain, Azpirozi hiru habanera osatzeko puntuak ematen ere zuzen aritu da Mendiluze, kantulagunari bidea irekiz eta zubietarrak bertsoak hasi eta buka edukiz betetzen.
Publikoaren ikuspegitik nabari zen astelehen eguerdi honetako bost protagonisten jarioa ez zela saio arrunt batekoa, izan ere, kantuan aritu diren horiek irailaren 19tik aurrera Euskal
Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko dute eta bertan ez du edonork kantatzeko aukera izaten. Horren adierazle nagusienetako bat izan da Ibarzabal bertsolari bizkaitarraren azken agurreko bertsoa:
“Mila esker Easo
hasi ta bukatu,
plaza ederra zarenik
ezin da ukatu.
Batzun elkartasunak
besteak pikatu…
Sinisten duzun horren
alde militatu,
pentsatzeko zer hiri
nahi den elikatu!“
Lehenengo bertso saioa espero bezain ongi joan da eta bertsozale donostiarrek izango dituzte abagune gehiago euren hiriko jaietan bertsoez gozatzeko. Hurrengo hitzordua Easo Plazan bertan izango dute abuztuaren 12an eguerdiko 12:30tan. Bertan kantuan izango dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Etxebarriazarraga eta Nerea Elustondo Estitxu Fernandez gai-jartzaile lesakarra alboan dutelarik.

