Udalak kale egoeran daudenentzako ehun otordu gehiago banatuko ditu egunero
Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiari esker, Gizarte Ekintzak 416 menu emango ditu egunero.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Udalak milioi erdi euro gehiago bideratuko ditu Gizarte Ekintza sailaren Otorduak programara; hau da, kale egoeran bizi direnei ematen dien otordu kopurua handitzera. Hala, aurrerantzean 416 menu banatuko ditu egunero, orain arte baino ehun gehiago.
Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bileran hartutako neurriaren bidez, hirian gutxieneko elikadura-premiak bete ezin dituzten pertsona gehiago egotearen errealitateari erantzun nahi diola zehaztu du udalak ohar batean. “Donostiako eredua humanismoarena eta exijentziarena da”, errepikatu du Jon Insausti alkateak, eta laguntza hori “etxerik gabeko pertsonen gizarteratzea eta laneratzea lortzeko” helburuaren baitan kokatu du. Insaustik azaldu duenez, “alternatiba ordenatu bat eskaintzen dugu, laneratzeko eta gizarteratzeko ibilbide indibidualizatuekin, eta segurua guztiontzat, bai otorduak jasotzen dituzten pertsonentzat, bai administrazioentzat, bai gainerako herritarrentzat”.
Kopuru horretatik 229.500 euro 2026tik aurrera onuradunak handitzeko erabiliko dira, eta gainerakoak 2027an gauzatuko dira. Jon Insausti alkateak “hiriaren erronkei aurre egiteko aliantzen garrantzia” nabarmendu du; izan ere, indartze hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker egingo dute. Gehikuntza horri esker, kalean bizi diren pertsonak elikatzeko programak bi milioi euroko aurrekontua izango du.
Erabakia duela bi aste Kaleko Afari Solidarioak emateko debekuaren ondoren dator. Boluntario-talde horrek egunero, kale-egoeran edo egoera oso zaurgarrian dauden pertsonen artean, 300 afari bero banatu ditu azken ia sei urtetan. Debekuaren aurrean, eragileak udal-baliabideak nahikoa ez zirela salatu zuen beste behin: “Gauero ikusten dugu zein den hiriko kale-egoeran bizi direnen errealitate latza, eta argi dugu gure ekimena debekatuz gero, udalak 300 pertsona hauek artatzeko jantoki sozialak jarri behar dituela martxan gaur bertan”

