Urdin, hori, gorri
Lurrak ura irentsi du eta hustu egin da. Zerura begira jarri eta bidai sakon baten ostean eguzkia ukitu dut. Ez naiz erre.
Ion Munduate eta Iñar Sastre dantzatzenAsier Gonzalez de San Pedro Atzo hasi zen Tabakalera Dantzan zikloa, Musika Hamabostaldiak dantza garaikideari eskeintzen dion programazioa. Olatz de Andres dantzari eta koreografoak komisariatzen du eta nabari da mimo handiz egiten duela. Urtero sorkuntza egoitza bat hartzen du bere baitan programak eta de Andresek ibilbide luzea duten bertako sortzaileengatik egin ohi du apostua. Oraingoan Ion Munduate, Blanca Calvo eta Iñar Sastre izan dira gonbidatuak eta ‘Hafuura’ lana proposatu dute. Eszenan Munduate dantzaria eta Sastre pianista gozatu ditugu Tamara Garcia eta Juan Lorienteren bideo lanekin batera, eta sorkuntza prozesuak Ana Buitragoren laguntza artistikoa izan du. Luxuzko fitxa artistikoa.
Esentziala den horretara eramaten du ‘Hafuurak’ gaurko artisten ustez. Obrak izenburu bezala duen hitz honek espiritua, arnasa edota airea esan nahi baitu Oromo herriko hizkuntzan (Ekialdeko Afrika). Oinarrizkoa denaren interpretazio bat izan dela esango nuke beraz. Lan sotil eta fina, modu sentsible eta inteligenteand etaile txikien garrantzia handiaz ohartzea ahalbidetzen duenetakoa.
Zerura begira jarri gaitu, bideo bidez ikusi dugun zeru urdinera. Munduate ere zerura begira jarri da eta Sastreren pianoaren eta zeruko txorien arteko elkarrizketarekin hasi da obraren muina izan den atala. Aurretik preludio atsegin eta jokoso bat eskaini dute bi gorputzek, haien arteko harreman natural bezain landua aurkeztuz. Ez da eszena elkarbanatzen duten lehen aldia, eta ederra izan da espazioarekin, bestearekin eta tartekoarekin harremantzeko bi gorputz hauen manera propioa antzematea. Aldi berean atzean proiektatzen ziren irudietan zerbait husten ari zela iruditu zait, bertan presente egoteko beharrezkoa ez zen guztia xurgatzen zuen izaki urdin batek bete du pantaila. Hustu, esentziala den hori besterik ez gera dadin akaso.
Ez dakit ‘Hafuura’ izan den, baina ondoren etorri dena gustosoa eta ederra izan da. Eta edertasunaren hatzamarretan erortzea baimendu diot nire buruari, lasaitasunez. Batzuetan, zergatik ez? Sastre pianoan eta Munduate espazioan, bien arteko hori ez gehiegi ez gutxiegi konpenetratuz. Forma eta logika klasikoak sotilki laztanduz, begirada kodifikatu eta ikasiak edertasunean ikusi nahi duenera guztiz iristi gabe, eta aldi berean bete-betean iritsiz. Munduatek gozatu duela uste dut, eta gozarazi egin du. Espiritu, arnas edo aire hori dantzari oparitu dio besarkada baten forman. Edo guri, edo bere buruari, edo bere ibilbideari.
Sinopsian dio “proiektu hau denbora analogiko batean lan egiteko saiakera bat” dela eta gorputzarekin lan egitea beti analogikoan lan egitea ez ote den galdetzen diot nire buruari.
Obraren azken zatian beste bideo lan batek hartu du fokua. Perspektiba eta begirada ezberdinak praktikatzera gonbidatzen zuten irudiek, eta gutxinaka gorriak hartu du lekua. Nire interpretazio librean eguzkira iritsi gara. Pianoak ere buelta eman dio eguzkiari.
Paula Quintanaren ‘Atlas de anatomia’ lana izango da Tabakalera Dantzan programaren hurrengo emanaldia ostegunean. Ostiralerako Lorena Nogalen ‘PICASSa’ ere programatuta zegoen, baina teknikarien greba dela eta bertan behera geratu da. Sentsazio gazi-gozoa hau, baina sektorearen baldintzak ere esentziala den horren barnean kokatu beharko genituzke.

