Ekitaldietako teknikariek greba egingo dute gaur, hitzarmen duin bat eskatzeko
Teknikariek abuztuko jaiei begira antolatutako greben berri emateko egindako prentsaurrekoko irudia. Teknikariok Gipuzkoako ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek lanuztea egingo dute gaur, EUKI patronalarekin lehen lan hitzarmena adosteko negoziazioek blokeatuta jarraitzen dutela salatzeko. Grebak zuzenean eragingo dio Aste Nagusiari: Donostiako Piratek bat egin dute langileen aldarrikapenekin, eta gaurko aurreikusitako kontzertuak bertan behera uztea erabaki zuten. Udalak antolatutako ekitaldiekin zer gertatuko den, ordea, jakiteko dago.
Grebaren eragina goizetik nabarituko da. Langileek informazio-piketeak antolatu dituzte hiriko gune estrategikoetan —Easo plazan, Flamenkan, Tabakaleran, Kursaalean eta Saguesen—, sektorearen egoera prekarizatuaren berri emateko. Arratsaldean, berriz, mobilizazio nagusia egingo dute: elkarretaratzea deitu dute Viktoria Eugenia antzokiaren aurrean, 18:30ean.
Deialdia sektoreko sindikatu nagusiek osatutako greba batzordeak egin du —Teknikariok, ESK, ELA, LAB, UGT, CCOO eta CNT—. Uztailaren amaieran iragarri zuen gaurko lanuztea, helburu argi batekin: patronala lan baldintza duinak bermatuko dituen proposamen “serio” bat egitera behartzea, orain arte eskainitakoa “onartezina” dela iritzita.
Kontziliazioa, oztopo
2024tik ari dira sektoreko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzen. Teknikariok sindikatuko kide Ander Tejerinak aitortu duenez, bi urte eta erdiko bide honetan zenbait alorretan aurrerapausoak eman dituzte, baina lanaren eta bizitzaren arteko kontziliazioan talka egin dute patronalarekin. Gatazkaren muina ordutegien eta egutegien kudeaketan datza: patronalak lan egunak, txandak eta ordutegiak bost egun lehenago arte aldatu ahal izatea nahi du; langileek, berriz, egutegia sei asteko aurrerapenarekin eta ordutegia bi astekoarekin ezagutzea.
“Patronalaren eskaintza oso eskasa da. Euren proposamenak ez du batere errazten kontziliazioa, are gehiago ia-ia ezinezko egiten du lana eta familia uztartzea. Guk eskatzen duguna nahikoa malgutasuna iruditzen zaigu”, adierazi du Tejerinak.
Grebak babes zabala jaso du mugimendu herrikoien aldetik, Donostiako Piratak, kasu; ez ordea, erakunde publikoen aldetik. Tejerinak azken horien ardura sozialari erreparatu dio, eurak baitira ekitaldien sustatzaile nagusiak, dela zuzenean, dela dirulaguntzen bidez. “Merkatuak ez gaitu babestuko”, ohartarazi du, eta gogorarazi du hitzarmen kolektiboa tresna baliagarria dela lehiaketa publikoetan lan baldintza duinak exijitzeko.
“Ahaztutako” sektorea
Langileek itxaropena dute Donostiako grebak joan den astean Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan izandako erantzun arrakastatsua errepikatuko duela. Bertan, hainbat emanaldi bertan behera geratu ziren. Teknikariaren esanetan, orain arte, babes “izugarria” jaso dute herritarren aldetik: “Jendeak ulertzen du prekarizatutako sektorea dela, eta enpatia du. Ez dugu inoren kexarik entzun”.
Historikoki “erabat ahaztuta” eta erregulatu gabe egon den lan eremua da ikuskizun eta ekitaldietako teknikariena. Pandemiak eragindako egoerak bultzatu zituen antolatzera eta Teknikariok sindikatua sortzera. Izan ere, antzokiak itxi, emanaldiak bertan behera utzi eta langile asko kaleratu zituzten, babesgabetasuna azaleratuz. Sektorean langile asko autonomoak dira, hau da, “eskubiderik gabeko langileak” Tejerinak azaldu duenez: ez dute oporretarako, grebarako ezta kexatzeko eskubiderik ere.
Hori dela eta, hitzarmena ezinbesteko “oinarria” da eurentzat zein besteren kontura ari direnentzat, sektorea erabateko “basa-eremu edo oihan” bilaka ez dadin. Enpresa batzuek baldintza hobeak bermatzen dituzten barne hitzarmenak badituzte ere, gaurko grebaren azken helburua argia da: sektore osoko langileentzat gutxieneko ongizate bat bermatzea.

