Trinitate Plaza ere abordatu dute bertsolariek
Trinitate plaza, atzo.Joseba Parron San Sebastian Ostegun arratsaldez jende andana bildu da Trinitate Plazan Donostiako Piratek antolatutako aurtengo lehen bertso saioan. Oholtzan Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi eta Peru Aiartza bertsolariak izan dira protagonistak Unai Gaztelumendi añorgarraren gaien laguntzarekin. “…Donostia gainezka/ cheesecakez ta ditxez/ abordatzera gatoz/ itsasoko bitsez/ astelehenean barkuz/ ta gaur berriz/ hitzez” bota du oholtzara oigo orduko Beñat Gaztelumendik agurrean.
Arratsaldeko bostetan hasi da bertso saioa eta eguzkipean bero handia egiten zuen. Bertsolariek ere karpa bat ireki behar izan dute itzaletan egoteko eta euren barneko errimak, ideiak eta doinuak ez urtzeko. Bertsozaleak berriz, jaiguneko karpa zuri handiaren barruan nola edo hala sartu behar izan dira eguzkiari ihesi.
Bazegoen ikusmira berezi bat saio honekiko, izan ere, Aiartza bertsolariak estreinakoz kantatu du bere auzoko plaza eder horretako oholtza motzean. Hasierako agurrean hala bota du Parte Zaharreko bertsolariak: “…oholtzara etorri naiz/ ume bat bezala/ iraganeko niak/ gozatu dezala!”. Goi-mailako bertsolariekin kantatzeko parada gutxitan izaten dute hain ezagunak ez diren edota plaza gutxiago dituzten bertsolari horiek eta Trinitate Plazako saioak badu eskaparate itxura Donostiako bertsozaleentzat. Aiartza ezagutzen ez zuenak, izan du bere bertsokera ezagutzeko aukera eta besteen mailari eusteko gai dela argi erakutsi du ahoa ireki duen aldiro. Puntu-erantzunetan esaterako, gainontzeko kantukideek jarri dizkiote puntuak bera gehiago ezagutzeko asmoarekin eta zorrotz bota ditu erantzun ale guztiak.
Zer esan, gainontzeko protagonistez. Andoni Egañak ohituta gaituen humore frexko eta zirikatzailearen trajean ederki moldatzen dela argi utzi du, baina serio eta hausnarketa sakonak eskatzen dituen gaiak ere, bikain josten ditu eta josi ditu. Lan guztietan utzi du ateraldi, ale edo altxorren bat eta publikoak zoragarri erantzun dio bertso bakoitzaren amaieran.
Maddi Ane Txoperenak ere, Trinitate Plazara bertaratu direnei, argi erakutsi die zergatik den Xilabako bertsolari txapelduna. Esan nahi zituen guztiak esan nahi zituen bezala esan ditu eta ez da gordinkeria eta populismoz beteriko esaldietan nahastu.
Beñat Gaztelumendi bere mailan ibili da. Betiko moduan, irristadarik egin gabe, bertso osoa zentzuz eta esanahiz zizelkatuz eta errimatu gabe ere esateko zailak diren mezu kritikoak nahi eran eta goxo kantatuz; askotan hiru silaba errimatuz. Bakarka egin duen lana azpimarratzekoa izan da, Bertsolari Txapelketa Nagusiko ganbarako lan bat balitz bezala, Kaleko Afari Solidarioen aferari goitik beherako bertsoak eskeini dizkio bere etxeko sukaldean berarentzako soilik afaria prestatzen ari den kidearen amorru eta minetik. Esanguratsua izan da, gaur npuntu luzeen bertsoak nola gailendu diren, azken hilabeteotan bakarkako lanetan ia ohitura bihurtu da bost puntuko hainbat bertso egiteko bata bestearen atzetik, baina gaurkoan 8 puntuko bertsoak ere ikusi ditugu. Nabari da txapelketa heltzear dagoela eta bertsolariak euren burua estutzen hasiak direla. Gaztelumendik “Xilabara jina nauzu” doinuan egin ditu KASen aldeko aldarriak.
Hausnarketa moduan, ordutegiak eta kokapenak bertsozaleengan eragiten duela nabari da. Izan ere, Easo Plazan eguerdian egiten dituzten saioen adina askoz handiagoa izan ohi da eta Donostiako Piraten arratsalde parteko saioetan berriz, non Parte Zaharrean egiten diren, bertsozale gazteen presentzia asko areagotzen da. Baina, orduak ordu eta lekuak leku, Donostiako bertso mundua indartsu dagoela ezin da ukatu. Batetik, bertsozale ugari dagoelako eta bestetik, bertsolari ez hain ezagunak ere badabiltzalako plaza ederrei atea jo nahian. Bi horien arteko sinbiosiak eta Donostiako hainbat kultur eragileren egoskorkeriak, plaza eta ekintza desberdinak bezain anitzak sortzen dabiltza. Jarrai dezagun horrela inprobisatzen.

