Bilintx omendu dute Easoko azken saioan
Bilintxen omenezko bertso saioa izan da gaur Easo plazan.Asier Gonzalez de San Pedro Aurtengo berritasuna zen, Aste Nagusiko azken larunbat eguerdiko egitarauari bertso saio bat gehiago atxiki baitiote Bilintxi-Balantxa Donostiako Bertso Elkarteak eta Donostiako Udalak. Berritasuna, noski, baina berezitasun batekin; Bilintx hil zela 150 urte bete direnez, bertso saioa haren erreferentzia eta bertsoen baitan osatu dute. Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena eta Joanes Illarregi aritu dira bertso kantari Easo plazan Manex Mujikaren gaien bideorriari segituz.
Indalezio Bizkarrondo Ureña, “Bilintx” ezizenez ezagunagoa, 1831an jaio eta 1876an zendu zen, duela 150 urte. Gauza asko dakizkigu Bilintxetaz, baina beste gauza asko ez eta gaurko Easo plazako bertso saioak Bilintx izan du aipagai. Bilintx izan da protagonista nagusietako bat, Bilintx aipatzen zen ia gai guztien hasieran eta gaur egungo gaiekin alderatzeko sekulako lana egin du Mujikak.
Bilintxen bertsorik ezagunenetariko batekin hasi da saioa. Behin batian Loiolan bertso-sortako bertso bat plazaratu die Mujikak non Bilintxen ederki esaten duen dama batek kalabazak ematen dizkiola. Mujikak gaurko lau protagonistei galdetu die ea inoiz jaso edo eman dituzten kalabazarik inoiz. Umoretik aritu zaizkigu lau protagonistak, hasiera-hasieratik publikoaren txaloak eta algarak eraginez.
Bertso-sorta gehienak maitasun ukitu batekin irakurtzen ditugu, baina Bilintxek izan zuen kritikatik eta ironiatik bertsoak idazteko gogoa eta gaitasuna. Bertso kritiko ezagunak dira pobreari jarri zizkionak. Bertso horietako bat irakurri ostean, Ceutako irudiei begira dauden aita-semeen elkarrizketan aritu dira Gaztelumendi eta Illarregi. Bikaina izan da izan duten elkarrizketa.
Bilintxen bat-bateko bertsorik ia ez zaigu iritsi eta jendartean iltzaturik gelditu da bertso jartzailea zela Bilintx, ez zela bat-batean ibiltzen, baina ez da horrela. Bat-batean ere aritzen zen, nahiz eta hobeto moldatzen zen bertso idatzietan. Gai horri tiraka, Txoperena eta Enbeita altxarazi ditu Mujikak eta belaunaldi desberdinetako bi bertsolari direla esan die, bertso saio baten ondoren batera autoan etxera doazenak eta bertsotan hasi direnak auto barruan. Saio ederra egin dute euren konplizitate, konfesio eta intimitateak mikrofonotik kanporatuz.
Bilintx hil eta 150 urtera, Donostian bertsoa bizirik dago, eta ez da gutxi. Sinesgaitza egingo litzakoke Bilintxi gaur egungo egoera hau.
Illarregi anaietan zaharrena bakarka ipini du ondoren. Ea zer ezkutatzen dion publikoari galdetu dio Mujikak; sarritan beste irudi bat eman beharra izaten delako publikoaren aurrean, benetan barruan dugun hori ezkutatuz. Hiru bertso distiratsu eraiki ditu leitzarrak.
Kale garbitzailearen bertsoak edo Zaldi zuriyarenak bertso ezagunak dira, Bilintxek kalea garbitzen zuen gizonari eta haren zaldi argalari jarritakoak. Enbeita ere kaleak garbitzen dabil lanean Aste Nagusian zehar, eta hainbat gauza aurkitu ditu lurrean. Atzeko hiru bertsolariek parranda egin ostean bakoitzak zer galdu duen kantatu digu bertsolari bizkaitarrak.
Gaztelumendik puntu erantzunak bikain kantatu ditu. Atzeko hiru bertsolariek jarritako puntuak erantzuten jarri du Mujikak. Enbeita eta Illarregik batera osatu duten ofizioa ere ederra izan da. Enbeitak urteak daramatza Berria egunkariarentzat iritzi artikuluak idazten, baina azken urteotan, Illarregik idatzi omen dizkio artikulu guztiak eta horretaz Ilarregik esan dio hitz egiteko garaia heldu zaiela.
Beraz, hauxe izan da dena. Gaurko saioa erritmo bizian eta maila gorenean igaro da. Hasieratik sekulako aleak plazaratu dituzte eta saioa ez da erori ere egin, lan guztietan bikain aritu dira lau bertsolariak. Eguraldia ere lagun izan dute eta bertso bakarra azpimarratu beharko bagenu, Beñat Gaztelumendiren bukaerako agurrarekin gelditu gaitezke, Añorgako bertsolariak bertso saio gehiago eskatu ditu Donostiako Aste Nagusian, aurten udalak saio bat gehiago antolatu du, baina ,hala ere, guztira, udalaren lau saio daude, esaterako, Bilbon zortzi direnean. Honela egin du bere amaierako agurra:
“Gaur azkeneko gauan
diberti zaitezte,
suak bihurtu behar
zaizkigunez ke.
Aurten lau bertso-saio
ta batekoz beste,
datorren urterako
hasiko naiz eske:
Ai Bilbon ze aste!
Zortzi saio aske!
Santiago babespe!
Egin badaitezke,
Donostik behar ditu
beste hainbeste!“
Guztira sei bertso saio izan ditugu entzungai aurtengo Aste Nagusian, lau Easo plazan eta beste bi Donostiako Piraten baitan. Zerbait argi gelditu bada, Donostia oso bertsozalea eta bertsolari harrobi bat ere martxan badabilela da. Bilintx hil eta 150 urtera, Donostian bertsoa bizirik dago, eta ez da gutxi. Sinesgaitza egingo litzakoke Bilintxi gaur egungo egoera hau. Eta guk bitartean, kale xixtrin bat besterik ez eman diogu esker moduan. Ea noiz jartzen diogun bere izena Antzoki Zaharrari…
[flickr set_id=”72177720335129750″]

