Zeru(ene) eta infernu arteko Donostia
Umorez, satiraz eta kritikaz jositako parodiak eman dio amaiera Aste Nagusiari, urtean protagonista izandako batzuk epaitu ondoren.
Parodia jendetsuak amaitu du aurten ere piraten Aste Nagusia. Joseba Parron San Sebastian Amaitu da Aste Nagusia. Biak. Denak. Piraten egitarauan ageri ez bada ere, bigarren igandea litzatekeen horrek ekitaldi bat gordetzen du. Bi hamarkada bete zituen iaz, beraz, publizitate beharrik ez du. Belle èpoque garaiko Donostiara itzulera da, buelta batekin. Parodia umoretsua, ironikoa, batzuetan garratza, urteak emandakoari kritika egiteko parada.
Piratak zirikatzaileak direla jakina da, baina ez dira bakarrak. Ordua baino lehen, Bulebarreko erlojuaren inguruan bildutako jendetza ikusi besterik ez dago. Jantzi dotoreak soinean, bitxi garestienekin apainduta, kapelak, tiranteak… Halako ospakizun batek merezi duen dotorezia nagusi zen. Egia da, eguzkia behar baino gehiago hartu duen udatiarren bat ere bazela, eta berarekin zeraman tamaina handiko toldoa babes nahikoa ez zela zirudien. Kiosko zeuden jada antzezlaneko protagonistak: toreroa eta zezena pase batzuk egiten, Amaia Montero, estalki nordiko itxura zuen kaparekin; urrian kargua utzi zuen Eneko Goia alkatea, haren lekua hartu zuen Jon Insausti, Juan Karlos Izagirre, Karmengo jaietan izandako ertzain bat, eta Donostiako gotzaina.
Alkate lehia
Infernutik (Errotaburukoa) irtendako Amaia Monterok hartu du hitza lehenik, toreroaren zenbait paseren ondoren. Berriro ere agertoki batera igoko zenik uste ez zuela aitortu ondoren, bertan zeudenekin Txuri-urdin sentitua abestu du. Azken urtetako protagonistaren txanda izan da gero: Eneko Goia. Ez dio kargua Insaustiri eman nahi izan eta gogoan izan ditu berarekin kritikoak izan direnak, Ezezkoen Kluba, kasu. Alkate izendatu du bere ondorengoa, eta honek etxebizitzaren alde egingo duela berretsi du, klase ertainarekin kezkatuta baitago. Euskara ere badu kezka iturri, eta gogora ekarri ditu erasoak. Korrikak CCOOri egindakoa, zehazki.
Hala, Santa Maria elizaraino egindako kalejiraren buruan sindikatu horretako kide bat joan da, Espainiako banderatxoa eskuan; alkatea, berriz, Uber-orgatxoan joan da. Salbearen antzeko ekitaldia denez, eliza aurrean, gotzainaren bedeinkapenak jaso dituzte, lehenik. Aste Nagusi piratari errepasoa egin dio, jaian, bertan ikusitako bekatu eta gehiegikeriei, nagusiki, eta atzean zituen nazarenoei erreferentzia eginez Aste Santuan berreskuratutako prozesioa gogorarazi du. Orduan, gizon bat igo da eremura eta hatza erakutsi die, kexu. Joanarazi dute eta aurrera jarraitu dute antzezlanarekin.
Ongia vs gaizkia
Hiru epaiketa izan dituzte, epaituak zerura (Zeruene) edo Infernura bidali erabakitzeko. Juan Karlos Izagirre izan da lehena. Zenbait proposamen egin dizkie donostiarrei, baina guztiek erantzun bera jaso dute: kontrako oihuak. Monterok eta epaileak Gipuzkoa plazara bidea erakutsi diote, Igeldora joateko 16 lineako autobusa har zezan. Juan Karlos maitatu bakarra, campechanoa delako, “Borbón, noble y bonachón“. Ondoren, Unibertsitatera Sartzeko Proban euskara azterketan zero atera zuen ikasleetako bat eta hari erantzunez, “urteten jake urteten jakena” esanez egoera laburbildu duen gaztea. Agerikoa denez, infernura bidean jarri dute bigarrena, euskara beharko ez duen unibertsitate pribatu baten bidean sistemak kaltetutako koitadua. Azken auzian, kaian “gizonezkoei soilik” eta “suabe” jo zien poliziaren txanda izan da. Hau ere, errugabea, noski.
Emaitzarekin pozik, Espainiako elastikoak soinean, Paquito el chocolatero dantzatu dute elkarrekin. Eta amaitzeko, pertsonaia maitatuenetako bat agertu da ezustean: Odon Elorza (behin baino gehiagotan aipatua eta oihukatua gaurkoan ere) eta bi suziri jaurti ditu. Eztanda egin dutenerako, kalejira abiatua zen Abuztuaren 31 kalean barrena, buelta luzean, Plaza Berrian amaitzeko.
Hau da eguneko kronika azkarra, biharko La palabra de Iruchulo-n irakurriko ez duzuena; eta hauek Joseba Parron San Sebastianek eta Aratz Garciak egindako argazkiak:

