Moeve gasolindegietako langileek hirugarren greba zikloa egingo dute
Moeve gasolindegietako langile batzuen elkarretaratzen baten artxiboko irudia.LAB Abuztuaren hasieran eta erdialdean egin zuten moduan, hilaren amaieran ere bi eguneko greba zikloa egingo dute Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta. Zehazki, hilaren 28ko 22:00etatik 30eko 22:00etara egingo dute greba.
“Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen eta enpresak langileen lan baldintzak duintzeko behar adina aurrerapauso eman ez dituenez, bi greba ziklo egin dituzte, uztailaren 30tik abuztuaren 2ra lehena eta bigarrena abuztuaren 14tik 16ra“, gogorarazi du enpresa batzordeak. Greba ziklo horien jarraipena “ia erabatekoa” izan dela nabarmendu dute, eta horrek “indartu” egiten dituela “langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean”. Salatu dutenez, ordea, “enpresak entzungor egin die langileen aldarrikapenei”, eta horregatik iragarri dute aipaturiko hirugarren greba zikloa.
Gipuzkoan, Moeve enpresaren hamasei gasolindegi daude, 150 langilerekin, eta gasolindegi horietako bi Donostian daude, ospitaleetan. Enpresa batzordea LABeko bost ordezkarik eta ELAko hiruk osatzen dute.

