Erraustegiko langileek salatu dute Ekobalek «negozioa» lehenesten duela, «segurtasunaren aurretik»
Erraustegiaren kanpoaldean elkarretaratzea egin dute langileek, joan den asteko sutearen harira. "Berehalako ikerketa, erantzukizunak argitzea eta legeak agintzen dituen segurtasun berme zorrotzak ez dituen edozein jarduera bertan behera uztea" exijitu dute.
Erraustegiko langileek gaur egindako elkarretaratzea.LAB Joan den astean Zubietako erraustegian izandako sutearen eta horren ondorioen harira, langile batzordeak deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat langilek errauste plantaren kanpoaldean, Bizitza zuen aberastasunaren gainetik dago lelopean.
Salatu dutenez, “joan den abuztuaren 19an, 10:30ak aldera, Ekobalen planta arrisku handiko eszenatoki bihurtu zen berriro ere klase langilearentzat. Bolumen handiko hondakinen birrintzailearen barruan sute bat piztu zen eta, beste behin ere, zuzendaritzaren erantzuna ez zen pertsonak babestea izan; langileak zuzenean arrisku gunera bidaltzea baizik, taldeetan banatuta suteari aurre egin ziezaioten, suhiltzaile profesionalak balira bezala”.
Suhiltzaile profesionalak ez izatetik harago, langileek salatu dute baliabideak ere ez zirela egokiak: “Hurbilen zeuden ur hodiak eta sute aho hornituak erabat apurtuta eta erabilezin zeuden. Baliabiderik gabe, materialik gabe eta enpresaren aldetik inolako aurreikuspenik gabe, langileek euren larrua jokatu behar izan zuten eta itzaltze lanak inprobisatu zituzten, industria suteak itzaltzeko balio ez duen mangera arrunt bat erabiliz. Bederatzi kide artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek!”.
Gainera, kritikatu dutenez, “ohiko praktika arduragabea” da “langileak suteak itzaltzera bidaltzea, beharrezkoak diren Banakako Babes Ekipamendurik (BBE) eta prestakuntza espezifikorik gabe”. “Ekoizpena ez da gelditzen, tratu txarrak ez du etenik!”, gaineratu dute. Ildo beretik, salatu dute Ekobal enpresakoo zuzendaritzarentzat “makineria eta fakturazioa planta egunero aurrera ateratzen duten pertsonen osasunaren, osotasunaren eta bizitzaren gainetik” daudela.
Horren guztiaren aurrean, “berehalako ikerketa, erantzukizunak argitzea eta legeak agintzen dituen segurtasun berme zorrotzak ez dituen edozein jarduera bertan behera uztea” exijitu dute: “Ez gara salgaiak, langileak gara!”.

