Arturo Ruizek Reala uztea erabaki du, Ingalaterrara joateko
Arturo Ruiz entrenatzailea, Realaren partida batean.Reala Liga hastear denean eta Txapeldunen Ligako atarikoaren joanekoa galdu berritan, Realeko emakumezkoen taldea uztea erabaki du Arturo Ruiz entrenatzaileak. Ekainaren bukaerara bitarte zuen kontratua alde bakarrez eten zuen atzo, eta ezarritako kalte ordaina ordainduko du.
Klubak argitu ez badu ere, hainbat hedabidek adierazi dute Ingalaterrako Brighton taldea zuzentzeko utzi duela Reala. Antza denez, baztertu ezin zuen eskaintza ekonomikoa egin diote teknikari espainiarrari.
Hori dela eta, Ruizek dagoeneko ez zuen zuzendu taldearen atzo arratsaldeko entrenamendua. Klubak datozen egunetan jakinaraziko du nor izango den entrenatzaile berria. Ordura arte, behin-behinean, Maider Castillok, orain arte taldeko bigarren entrenatzaile izan den Fernando Torresek eta B taldeko lehen entrenatzaile Aitor Resendek hartuko dute taldearen ardura.

