Asteburu gazi-gozoa txuri-urdinentzat
Realeko mutilek ligako lehen partida irabazi dute Anoetan, eta neskek galdu egin dute Zubietako estreinaldian.
Orri Oskarssonen gola ospatzen, Mikel Oiartzabal eta Carlos Soler.Reala Garaipena behar zuten Realaren lehen mailako bi taldeek, baina soilik bakarrak lortu zuen. Gizonezkoek Espanyol mendean hartu zuten larunbat gauean, nahi baino gehiago gaiztotu zen norgehiagokan (2-1). Lehia hasi aurretik, klubak Mikel Oiartzabal kapitaina eta munduko txapelduna omendu zuen. Txaloak eta txistuak entzun ziren harmailan, baita hutsuneak ere.
Txuri-urdinak berehala jarri ziren aurretik markagailuan Ander Barrenetxea donostiarraren golarekin. Oiartzabalen pasea bikaina izan zen. Ordea, lehen zatia bukatzeko minutu bat falta zenean berdindu zuen aurkariak. Bigarren zatian, Reala garaipenaren bila abiatu zen, eta saria Orri Oskarsson aurrelariaren bidez lortu zuen, kostatu bazen ere. Oiartzabalen pasea erabakigarria izan zen, beste behin ere. Aldiz, partida nabarmen ilundu zuen Manuel Jesus Orellana epaileak. Araudi berri bat aplikatzerakoan sorturiko nahasmenduarengatik, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileari eta Omer Toprak laguntzaileari txartel gorria atera zien. Horrela ere, hiru puntuak etxean geratu ziren.
Emakumezkoen ligako estreinaldia tristeagoa izan zen. Logroño talde apalagoa hartu zuten larunbatean, Zubietan, eta neurketa horren txarra jokatu ez bazuten ere, galdu egin zuten (0-2). Txuri-urdinek aukerak izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko, baina ez zuten asmatu.
Arturo Ruiz entrenatzaileak ospa egin izanak eta Chelsearen kontrako porrotak ez zion inolako mesederik egin taldeari. Zama bikoitz horrekin, merezi gabeko zigorra jaso zuten berdegunean. Klubak oraindik ez du entrenatzaile berria iragarri, eta momentuz, Fernando Torresen aginduetara dabiltza. Porrota ahaztea besterik ez dute, etzi, Txapeldunen Ligako atarikoaren itzulerakoa jokatuko dutelako Chelsearen aurka, Zubietan (19:00). Kanporaketa iraultzea ezinezkoa dirudien arren —5 eta 2 galdu zuten joanekoan—, gutxienez, maila ona ematen eta partida bera irabazten ahaleginduko dira.

