Poliziak hildako Ripalda gaztea oroitu dute beste urte batez, omenaldi ofizialik gabe
Jesus Garcia Ripalda gazte komunistaren omenaldia. Xalba Ramirez Beste urte batez, omenaldi xumea egin diote Jesus Mari Garcia Ripaldari Grosen. 51 urte bete dira gaur, Txiki eta Otaegiren heriotza zigorraren kontrako mobilizazioan, polizia batek Ripalda 23 urteko gazte komunistaren kontra bertatik bertara tiro egin, eta ordu gutxira, ospitale militarrean hil zenetik, itxuraz, beharrezko arretarik jaso gabe.
Lagun eta senideek antolatzen dute urtero omenaldia, Iraeta tabernako tortila eta sagardoarekin elkartuta, Ripalda oroitzeko asmoz, “beti ere ikurrina eta bandera gorriarekin”. “Baina ez dugu deialdirik egiten jada, datorrena dator eta kito”, azaldu du Jesus Diaz Urraca lagunak. Edonola dela, ekitaldia urtero ordu eta leku berean egiten den arren, ez da inongo alderdi edo erakunderik bertaratzen omenaldira.
Ripaldaren arrebak azaldu du ez dela interes faltagatik. “Udalak deitu izan dit lurrean jartzen dituzten plaka horietako bat jarri nahi diotelako, baina nik bi bider esan diet ezetz”. Bi azalpen ematen ditu horretarako. Lehenengoa, pertsonala oso: “Niri ez zaizkit gustatzen plaka horiek lurrean jartzea, edonork zapaldu ditzake eta ez zait ondo iruditzen”. Bestea, apur bat politikoagoa da: “Plaka hori jartzen badugu, paretan jarri genuen plaka kendu araziko digute, eta hori ez dugu onartuko”.
Plakaren aitortza
Izan ere, plaka horretan, gertakariak ez ezik, nork eta zergatik hil zuen Ripalda azaltzen dela nabarmendu du familiak, eta hor hasten dira errekonozimendu ofizialarekin talkak. Ofizialki, Jose Fernandez Espejo deitzen zen polizia frankista batek hil zuen Ripalda. Ordea, lekuko ugarik Leston abizena zuen polizi bat identifikatu zuten –askok ezagutzen zuten gimnasia irakaslea izan zelako Marianistaken–.
Plakan Lastonen izena ageri da eta horrek ekarri die saltsarik. Lastonen semeek Ripaldaren senideei mehatxu egin zieten plaka hori kentzeko. Horietako batek CNIan egiten omen du lana, Espainiako zerbitzu sekretuan, alegia, eta botere handia duela susmatzen dute. Senideek, ordea, irmo mantendu eta ondokoa adierazi zieten: “Zuek kentzen duzuen aldiro, guk berriro ere jarriko dugu plaka hau”. Hortxe amaitu zen, oraingoz, plaka.
Udalaren plaka jartzeko baldintza horixe izango da, beraz: senideek jarritakoa mantentzea. Ez dira gehiegi bi plaka, askatasun demokratikoen alde borrokatu zutenak oroitzeko, behintzat.

