Ceutako aferaren aurrean, Insaustik dio «donostiarren gehiengoa» ez dagoela «mutur batean edo bestean»
Kale egoeran dauden hainbat migrante, Ceutan.RTVE Bihar, hilak 2, Ceutako (Espainia) aferaren harira, hainbat alderdi eta talde eskuindarrek elkarretaratzeak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta mugimendu eta eragile antifaxistek horiei aurre egiteko kontramobilizazioak antolatu dituzte.
Donostian ere egingo dituzte mobilizazioak, eta horien inguruan galdetu diote Jon Insausti alkateari. “Beste hainbatetan adierazi dudan moduan, onkeria eta populismoa baztertzen ditut. Uste dut donostiarren gehiengoa ez dagoela mutur batean edo bestean”, nabarmendu du.
“Okerrena” Ceutan gertatzen ari dena “politizatzea” dela gehitu du, eta argi azaldu du bere posizionamendua: “Ez dut konpartitzen Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuaren gelditasuna, eta ez dut babesten Alderdi Popularraren jarrera, kontrako elkarretaratzeak deitzen ari delako”.
Hirian egingo diren manifestazio eta kontramobilizazioetan “liskarrik ez egotea” nahi du Insaustik. “Uste dut hemen sakoneko kultura demokratikoa dugula, eta helduak garela”, zehaztu du. “Hemen falta dena da argi hitz egitea eta irtenbide konkretuak ematea. Hori estatuko gobernuari dagokio”.

