'Kantauriko indar urdina' direla aldarrikatu du Bera Berak
Bera Beraren 2026-2027ko denboraldiaren aurkezpena, Donostiako Aquariumean.Bera Bera 2026-2027ko denboraldirako prest dago Bera Bera eskubaloi taldea. Atzo egin zuten taldearen aurkezpena, Donostiako Aquariumean, eta hautatu duten leloa aldarrikatu zuten: Kantauriko indar urdina.
Aldaketak aldaketa, azalberritu den taldea da Bera Bera. Melinda Louis, Amandine Balzinc, Kelly Fonkeng eta Alexandra Shunu dira jokalari berriak, eta Elene Fresco gaztea lehen taldera igo dute. Era berean, Jon Begiristain da entrenatzaile berria, baita Xabat Beloki laguntzailea ere.
Tati Garmendia Bera Berako eskubaloiaren arduraduna “ilusioz beteriko etorkizunari” begira jarri zen. Izan ere, “Imanol Alvarez buru duen Gipuzkoako eskubaloiaren harrobia bultzatuko nahi dugu”, eta “talde egokitu bat egingo dela” iragarri zuen. Garmendiak taldeari zortea opatzeaz eta babesleei eta erakundeei eskerrak emateaz gain, etorkizunari begiratu zion, “2027-2028ko sasoian Europako lehiaketa sistema aldatzeak mesede egingo digulakoan”, eta aitortu zuen “Illunbe Berria errealitate izateko egunak kontatzea, gure hiriko emakumeen kirolari duintasunez heltzeko”.
Maitane Etxeberria eta Anne Erauskin kapitainek “denboraldiaurrean egindako lana” baloratu zuten, eta adierazi zuten “taldeak ezarritako helburuak betetzeko duen ilusioa eta lan egiteko gogoa”. Begiristain entrenatzaileak, berriz, taldea zuzentzeko “oso gogotsu” dagoela esan zuen, denboraldiaurrean lan ona egin dutelako. Haren ustez, taldeak behetik gora egin du, eta larunbatean ondo lehiatzea espero dutela nabarmendu zuen.
Sasoi berriari begira, helburu berberak dituztela nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. Hau da, liga eta kopa azken unera arte lehiatzea, eta Europa Ligako multzoen fasera berriz ere sailkatzen saiatzea. Gainera, denboraldia hastear dira. Larunbatean, hilaren 6an, Superkopa jokatuko dute Kanaria Handiaren aurka, Vigon (18:15). Aldiz, hilaren 9an, ligako lehen partida jokatuko dute Gaska kiroldegian, Beti Onaken kontra (19:30).

