Santa Mariako eskaileretan jarduketarik egitea «ez da bidezkoa», udalaren ustez
Santa Maria basilika pareko eskailerak terraza gisa erabiltzen dituzte turistek.Parte Zaharrean Bizi Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu du Donostiako Udalak “turismo, hotel eta ostalaritza industriari” oparitu diola Parte Zaharra, eta auzoa “hainbesteraino entregatu” duela, non “baimenik gabeko erabilera gelditzeari ere uko” egin diola.
Auzo elkarteak behin baino gehiagotan salatu du Santa Maria eliza pareko eskailerak terraza moduan erabiltzen dituztela inguruko tabernek. Hala, idatzi bat erregistratu zuen elkarteak, espazioa nola okupatzen zen erakusten zuten argazkiekin lagunduta. Idatzian elkarteak adierazi zuen okupazio horrek higiene eta zarata arazoak sortzen dituela, eta berez espazio horretan kontsumitzea debekatuta dagoela gogorarazi zuen baita ere.
Udaleko Osasun eta Ingurumen sailak orain dela hilabete erantzun zuen idatzia, ezin esku hartu zezakeela adieraziz, behintzat Udaltzaingoak txostena egin arte. Beraz, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, txosten bat egiteko eskatu zion Udaltzaingoari. Udaltzaingoa abuztuaren 11n, asteartea, 23:49ean bertaratu zen –ordu horretan, inguruko taberna gehienak itxita daude– eta honakoa jaso zuen egindako txostenean: “Agenteek hainbat pertsona ikusi dituzte hurbileko ostalaritza-establezimenduetatik ez datozen izozkiak eta edariak kontsumitzen”. Ondorioz, udalaren aldetik inolako jarduerarik egitea “ez da bidezkoa”, jakinarazi diote auzo elkarteari.
Elkarteak nabarmendu du egindako txosten bakarra ordu desegokian egin dela, eta auzotarrak Udaltzaingoari deitzera gonbidatu ditu berriro ere eskailerak terraza moduan erabiltzen ari direnean.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak gaineratu du, kalean jaten duten turistek ez, baina janaria banatzeak “gogaitu egiten” dutela, dirurik ez dutelako gastatzen.

