«Josu Zabala iparrorratz», Zinemaldiaren erakusketan
“Badago zerbait ziklikoa bizitzan. Memoriari buruzko dokumentala ezin izan genuen estreinatu, eta memoria ariketa moduan gatoz bueltan 50 urte beranduago…”. Hitz horiekin laburtu du Jaime Chavarri zinema zuzendariak aurtengo Zinemaldiko proiekzio berezienetako baten egoeraren deskribapena. El desencanto filmak irekiko du Klasikoak saila, eta erakusketa izango da, duela 50 urte ez zelako estreinatu.
Josu Zabalaren heriotzagatik bota zuten atzera Elias Kerejetak eta bere lantaldeak estreinaldia, egoera gogorra zelako oso. Irati Crespo Zinemaldiko artxiboko arduradunak gogoratu duenez, Gasteizko sarraskia eta Luzuriagako langileen kontrakoak zeuden pil-pilean: “Eta aurreko urtean, Txiki eta Otaegiren heriotza zigorren kontra izandako errepresioak Zinemaldia jota utzi zuen”. Zinemaldiaren hitzetan “Euskal Herriaren kontrako errepresio sistematikoa” bizi zen garai hartan.
Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordeak familiari begirunea adierazi dio, eta Zinemaldiak filmarekiko eta Zabalaren sendiarekiko “erreparazio” gisa ikusi ditu bai filmaren emanaldia baita erakusketa ere. “Urteetako borrokaren ondoren onarpen ofiziala iritsi da. Pozten gara”, esan dio familiari, Zabalaren biktima izaeraren onarpen instituzionala dela eta. Irmo adierazi du Crespok Zinemaldiaren postura: “Josu Zabala izan dugu iparrorratz erakusketa honetan”.
Zinemaldi frankistaren kontra
Konpromisoa lehendik zegoen hartuta. Kerejetak postura argi erakutsi zuen: “Panero familiak ezetz esaten badu, ez dugu estreinatuko. Euskal Herrian arazoak badaude, ez dugu botako”. Esan eta egin. Bidalitako telegraman ez zuen ahoan bilorik izan; “Euskal Herriaren kontrako errepresio basatia” salatu baitzuen.
Miguel de Echarri zenarekiko kritiko azaldu dira Zinemaldiko ordezkariak, “burdinazko eskuarekin” agintzen zuela eta. Erakusketan ikusgarri jarri dute Kerejetaren mezuaren aurrean Zinemaldiko zuzendaritzak hartutako erabakiak, argi erakutsiz, frankismoarekiko zuen lotura ideologiko estua. Lotura horren amaieraren hasiera izan zen, hain zuzen, Zinemaldi hura.
Handik aurrera, eredu berri bat sortu zen 1977an: auzo elkarte, zineklub, artista eta abarrez osatutako zuzendaritza batekin. Demokraziaren hasieran, behintzat, bestelakoa izan zela irudikatu zuten, gutxika, ohiko formatura itzuli bazen ere. Eta ez borroka barik. Crespok gogoratu baitu erregimen frankistak Zinemaldia hiriz aldatzeko ahaleginak egin zituela eta.
Enrique Vila-Matas idazle eta kazetariak ondo gogoratzen ditu egunok. Kazetari gisa etorri zen Donostiara, eta giroa itogarria zela oroitzen du. Kasualitate moduan, kontatu du nola Hondarribian Madrilerako hegazkina galdu zuen, eta herritik bueltaka zebilela Zabala hil zuen kantoira iritsi zela, nahi gabe. Berak idatzi zuen Destino aldizkarian gerora egi bihurtuko zen esaldi ikoniko bat: Echar a Echarri [Echarri kanporatu].
El desencanto
Film berezia da El Desencanto Leopoldo Panero poeta frankistaren sendiaren dokumental bat da. Panerotarrak, poeta eta hipiak izandakoak batzuk, tradizio frankistarekin apurtu eta oso bestelako bizitzak eraiki zituzten. Ezagunena, Leopoldo Maria Panero poeta, ziurrenik. Munduan zehar bidaiatu zuen, droga eta alkoholarekin arazoak izan zituen eta Arrasateko eroetxean izan zen. Bertan idatzi zituen poema zirraragarri asko.
Pelikula horrek “etsai” ugari izan zituen garai hartan, Chavarrik gogoratzen zuenez: “Txakur berde bat zen”. “Orain, onartuagoa dago. Eta agian grazia pixka bat galdu du. Zeren txakur berdea izatea bazen bere grazia…”. Vila-Matasek ere panerotarrak ezagun zituen, batez ere Michi zen bere laguna –”Leopoldo Mariaren laguna izatea oso zaila zen”, esan du barrez–, eta dokumental hau kokatu du, besteak beste, Espainiako garaiko kontraesanen erakusle gisa.
Panerotarrak, Chavarri, Kerejeta, Zabala… Frankismoaren eta demokraziaren arteko trantsizioan izandako hamaika istorio harrigarrietako bat osatzen dute. Ekintza txiki bakoitzak ekarri zuen aldaketa handiaren isla. Aldaketak egiten jarraitzeko eredu bat ere izan daitekeena.
'Arnegu jarrera' erakusketa ikusgai
“Arnegu-jarrera”. Donostia Zinemaldiaren norabidea aldatu zuen keinua (1976) izenez, erakusketa gaurtik aurrera eta irailaren 27ra arte egongo da ikusgai Tabakaleraren lehen solairuan, eskailera nagusiaren ondoan. Inaugurazioan Maialen Beloki —Zinemaldiaren zuzendariordea— eta Irati Crespo —Artxiboaren arduraduna— izan dira, baita Jaime Chavarri zinemagilea eta Enrique Vila-Matas idazlea ere (1976ko Zinemaldia jarraitu zuen kazetaria).
“Euskal herritarrok pairatzen ari garen errepresio bortitzaren aurkako protesta gisa, eta modu tragiko eta beldurgarrian publikoki ezagututako azken jazokizunetan ere errepresio hori berriz hezurmamitu dela kontuan izanik, El desencanto filma sortzen parte hartu dugunok aho batez erabaki dugu filma Donostia Zinemaldiaren XXIV. ediziotik ateratzea”. Horiexek izan ziren Elias Kerejeta ekoizleak, Jaime Chavarri zuzendariak eta film luzearen aktore ugarik —baita Felicidad Blancek eta Panero anaiek ere— lehenik eta behin irailaren 13an Miguel de Echarriri —Zinemaldiaren zuzendariari— eta gero prentsari igorritako gutunaren hitzetako batzuk.

