Irabaztearen eta galtzearen arteko marra oso fina da
Realeko mutilek hamarrekin eta azken unean gainditu dute Elx (2-3). Aldiz, neskek, neurketa bitan berdindu arren, Granadan galdu egin dute (3-2).
Oiartzabal eta Sucic, bigarrenak egindako garaipenaren gola ospatzen.Reala Astelehen txuri-urdina ez zen guztiz borobila izan. Markagailu irauliekin bukatu ziren Realaren lehen mailako bi taldeen norgehiagokak. Mutilek kostata eta gorabehera deigarriekin irabazi zioten Elxi, azken minutuetan egindako gol bati esker (2-3). Neskek, ordea, galdu egin zuten Granadaren aurka (3-2), epailearen erabaki zalantzagarri batek eta defentsako lan bigunak baldintzatuta.
Hiru puntuak batzeko helburuarekin aritu ziren Realeko bi taldeak etxetik kanpo, baina bakarrak lortu zuen saria. Pellegrino Matarazzok zuzendurikoak, hamaikako harrigarri batekin egin zion aurre Elxi. Atean, estreinakoz, Unai Marrero jarri zuen, atzeko lerroan Mamadou Sarr fitxaketa berria, eta erasorako Job Ochieng gaztearen aldeko apustua egin zuen. Hiru horietatik bi garrantzitsuak izan ziren garaipena eskuratzeko.
Lehen zatian, txuri-urdinak nagusitasun osoz aritu ziren, eta bi goleko errenta lortu zuten. Ochieng keniar gazteak egin zuen lehena, eta berak emandako pase bati esker egin zuen bigarrena Yangel Herrerak. Bigarren zatian, Ortiz Arias epaileak inork espero ez zuen erabaki bat hartu zuen. Luka Sucicek hirugarren gola egin bazuen ere, VAR sistemak epaileari adierazi zion, jokaldiaren hasieran, Jon Martin atzelariak besoarekin moztu zuela Elxen erasoko aukera bat. Pantailan ikustera joan zen, eta gola baliogabetzearekin batera, Martini txartel gorria atera zion. Zur eta lur geratu ziren Realeko jokalariak, Matarazzo eta zaleak.
Hamar jokalarirekin, txuri-urdinek gainbehera nabarmena izan zuten, Elxek neurketa berdintzeraino. Entrenatzaileak aldaketa batzuk egin zituen, gutxienez, puntua lotzeko. Dena dela, kontraeraso on bati esker, Sucicek, oraingoan bai, gola egin eta Realaren garaipena ziurtatu zuen. Gainera, Ochiengen bigarren asistentziaren bidez lortu zuen. Bestalde, Marrerok egindako geldiketei esker ez zuten etxekoek gol gehiago egin. Elx mendean hartuta, txuri-urdinak goiko postuei begira jarri dira, zazpi punturekin.
Ezinaren zama
Gorka Alvarez Realeko nesken entrenatzailearen estreinaldia ez zen esperotakoa izan. Granadak estu hartu zituen txuri-urdinak, eta Espinosa epaileak partida hasiera baldintzatu zuen. Etxekoen aldeko penalti zalantzagarria adierazi ostean, andaluziarrak markagailuan aurretik jarri ziren. Bi minutu geroago berdindu zuen Realak, Carlota Chaconen estreinako golarekin. Ordea, kolpeka aritu ziren bi taldeak atsedenaldira iritsi aurretik. Granadak bigarren gola egin zuen, eta Klara Cahynovak berdindu zuen.
Bigarren zatia hasi orduko, Granadak berriz ere aurrea hartu zuen markagailuan, eta ordutik aurrera, txuri-urdinak ezinean aritu ziren. Hirugarrenez berdintzeko bi aukera oso on izan arren, ez zuten ate aurrean asmatu. Ondorioz, esku hutsik geratu ziren, beste behin ere. Ligako bi partida jokatu eta biak galdu dituzte, eta punturik gabe jarraitzen dute.

