Udal gobernuak 6,7 milioi euro bideratzea aurreikusi du, metroaren lanek eragindako eremuak urbanizatzeko
Metroa egiteko lanak Loiola kalean, Artzain Onaren katedralaren aurrean.ETS Ostiralean, hilaren 11n, Donostiako Udalak ezohiko udalbatzarra egingo du 2026ko udal aurrekontuen kredituak egokitzeko. Jon Insaustik iragarri duenez, udal gobernuak udalbatzari proposatuko dio 6,7 milioi euroko konpromiso kredituak sortzea eta handitzea, metroaren lanek eragindako eremuak urbanizatzeko. Zehazki, metroaren, Atotxako tren eta autobus geltokien azken urteotako obrei “errematea” ematea da helburua.
“2026. urtearen erdia igarota, 2027-2029 urteetako aurrekontu ekitaldietan zenbait behar antzeman dira, baina 2026ko aurrekontua egiterakoan ez ziren aurreikusi. Horregatik, etorkizunari anbizioz begiratzen diogu, eta hemendik aurrera dagokigu etorkizuneko lehentasunak finkatzea, donostiarren bizi kalitatean eragina duten proiektuetan minutu bakar bat ere ez galtzeko”, adierazi du alkateak.
Udalak proposatu du diru sail bat sortzea, Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) hitzarmen baten bidez adosturikoa, metroaren igarobidearen plaza deiturikoak —Loiola, San Martin, Zaragoza plaza, Pio Baroja irteera, Paternina plaza eta Morlans, Anoeta— berrurbanizatzeko. Diru zati hori 3,2 milioi eurokoa izango da 2027rako, eta 1,8 milioikoa 2028rako.
Ez da hitzarmen bakarra izango ETSrekin, bi erakundeek beste lankidetza batean ekingo baitiete autobus geltokia aireztatzeko obrei, bai eta oinezkoentzako sarbidea tren-geltokiaren goiko aldera egokitzeko jarduketei ere. Udalak 415.055 euroko partida sortuko du horretarako.
Bestalde, ADIFek eta udalak komenigarritzat jotzen dute, eraginkortasun eta aukera arrazoiengatik, Atotxako tren geltokirako sarbideak hobetzen eta geltoki horren estalkia urbanizatzeko bigarren fasea –Tabakalerako plaza– osatzen laguntzea. Insaustik aurreratu du, plaza hori berdetzea dela etorkizun hurbileko asmoa, eta Gipuzkoa plazaren antzerako azalera duela.
Lan horiek aurrera eramateko, bi administrazioek lankidetza hitzarmen bat sinatzea erabaki dute. Horretarako, udalak 217.800 euroko konpromiso kredituak onartuko ditu 2027rako eta 193.600 eurokoak 2028rako.
Lehentasunak
Ostiraleko osoko bilkuran, beste diru sail batzuk handitu eta egokituko dituzte. Insaustiren arabera, “lehentasunezko gaiei erantzuna ematea” da helburua. Esaterako, hiri antolamenduko plan orokor berriaren prozesua bideratzeko 1,6 milioi euro bideratzea proposatuko du udal gobernuak. Era berean, Txomin II eremuko urbanizazioa eta udalaren kontingentzia plana diruz hornitzeko proposamenak egingo dituzte.
“Hainbat kreditu mugitu ditugu, tramitazioetan 15-20 egun inguru irabazteko aukera emango digulako. Horrek eragingo du beste diru sail batzuk murriztea, baina ez du esan nahi proiektu horiek bazterrean geratuko direnik”, azaldu du alkateak.
Horrez gain, hiriko berdegune, lorategi, parke eta arbolen mantentze lanen kontratua urtebetez luzatuko dute ostiralean. “2023an esleitu ziren lan horiek, egun egiten diren moduan, eta urtero 6 milioi euro bideratzen ditu udalak horretara. Gainera, 2027ko udal aurrekontuetan, lan horien diru saila handitzea aurreikusten dugu”, esan du Insaustik.

