Sara Alonsok gustuko du «irabazteko hautagaien artean» egotea
'Berria' egunkariak mendi korrikalari donostiarra elkarrizketatu du, Chamonixeko (Frantzia) OCC lasterketan hirugarren izan ondoren.
Sara Alonso lasterkari donostiarra, Mont Blanc mendi lasterketako helmugan.Franck Oddoux Abuztuaren 27an, Sara Alonso donostiarrak Chamonixeko UTMB probako podiumera igotzea lortu zuen. Laugarren eta bosgarren izan ondoren, azkenik, hirugarren izatea lortu zuen Mont Blanceko Orsieres-Champex-Chamonix (OCC) mendi lasterketa entzutetsuan.
Horren harira, Berria egunkariak Alonso elkarrizketatu du, lorturikoari buruz, sentsazioez eta etorkizun hurbilaz hitz egiteko. Solasaldiaren pasarte batzuk jarraian irakur daitezke, eta elkarrizketa osoa helbide honetan.
Ia bi aste igaro dira Chamonixen OCC lasterketa jokatu zenuenetik. Nola zaude?
Uste baino hobeto nago. Lasterketa jokatu eta lau egunera hiru orduz ibili nintzen korrika, erritmo oso lasaian. Hurrengo egunean ordu eta erdiko entrenamendu bat egin nuen, serioagoa. Bizikleta eskura izan banu, beste saioren bat ere egingo nuen.
Aurten zenuen helburu nagusia al zen OCC lasterketa?
Bai, podiumean egon nahi nuen. Lasterketa horretan lehenbizikoz parte hartu nuenetik, horrekin amesten nuen. 2024an pneumonia izan ostean heldu nintzen lasterketara; 2025ean, aldiz, behiarekin izandako istripua eta gero. Aurten inoiz baino indartsuago ikusten nuen neure burua, nahiz eta banekien korrikalarien maila ere asko igo dela azken urteetan.
Azken bi urteetan laugarren postuan amaitu ondoren, askoren ustez faboritoen artean zinen. Horrek presiorik eragin al zizun?
Gustuko dut irabazteko hautagaien artean egotea, ez dit presiorik sortzen. Are gehiago: amorru pixka bat ere sentitu nuen UTMBko puntuen arabera zazpigarren postuan nengoela esan zidatenean. Nik banekien aurrean ibiliko nintzela. Hori bai, urteak ziren ez nintzela hain urduri sentitzen lasterketa baten aurreko egunetan. Egun handi bat izan daitekeen sentsazioa dudanean bakarrik jartzen naiz hain urduri. Zegama-Aizkorri irabazi nuenean bezala nengoen.
Gustura gelditu zinen egindako lasterketarekin?
Oso pozik. Lasterketak irabazteko horrela korritu behar dut. Aurrean joatea gustatzen zait. Neure buruari leporatzen diodan gauza bakarra zera da: azken anoa postuan nahikoa ur hartu ez izana. Beste gauza guztietan asmatu nuela esan dezaket. Zentzuz jokatu nuen lasterketan.
Ikusten al duzu zeure burua CCC lasterketa korritzen (107 kilometro, +6.200 metro)?
Beste bi edo hiru urte pasatuko direla iruditzen zait. Aurretik, OCC lasterketa irabazi beharra daukat. Datorren urtean munduko txapelketa izango da, eta ez dakit CCC lasterketan izango ote naizen; hemendik bi urtera ere nork daki. Argi dudana zera da: ez dudala UTMBko lasterketa luzea korrituko. Azkar korritzea gustatzen zait, eta lasterketa horretan asko ibili behar da oinez.
Sei lasterketa jokatu dituzu aurten. Hiru irabazi dituzu, beste bitan hirugarren izan zara, Sierre-Zinalen hamaikagarren… Zer-nola ikusten duzu egindako lana?
Oso-oso pozik nago orain arteko denboraldiarekin. Skyrunningeko bi lasterketetan oso ondo aritu nintzen. Zegamako eta Chamonixeko podiumek izugarrizko balioa dute, eta irabazi banu bezala hartu nituen. Gogotsuago egoteko balio dit aurtengo denboraldiak.

