Eraso arrazisten aurkako protokoloa prestatu dute Porrontxo jaietarako
2025eko Porrontxo jaietako artxiboko irudia.Maitane Aldanondo Datorren astean ospatuko dituzte Porrontxo jaiak Egian, eta, aurten, Porrontxoetako Eraso Arrazisten Aurkako Protokolo Batzordea osatu dute auzoko hainbat eragilek eta herritarrek, “arrazakeriaren aurkako lanketa” egiteko, jai batzordeak eta Guztiontzako Egia Auzotar Sareak komunikatu baten bidez azaldu dutenez. Horrela, jaiei begirako protokolo antirrazista da lanketa horren emaitza.
“Arrazakeria gisa ulertzen dugu talde jakin batzuei jatorri errealaren edo hautemandakoaren arabera eragiten dien diskriminazio sistema; jatorria etnikoa, nazionala edota kulturala izanik. Jatorri hori elementu ugariren bidez gorpuzten da: azalaren kolorea, hizkuntza, azentua, ile mota, erlijioa, janzkera, administrazio egoera, klase soziala eta bestelako gizarte markatzaileak, esaterako. Arrazakeriak maila indibidualean, sozialean eta politikoan eragiten du”, azaldu dute eragileek.
Era berean, nabarmendu dute bestelako “zapalkuntza sistema” batzuekin ere “gurutzatzen” dela arrazakeria: “Hala nola matxismoarekin, aporofobiarekin, klase zapalkuntzarekin, LGTBIAQ+fobiarekin edo faxismoarekin”. Ildo beretik, deitoratu dute arrazakeriak geroz eta errazago aurkitzen duela “hedatzeko bidea”, diskurtso faxisten gorakada dela eta. “Bereziki kezkatzen gaitu nerabe eta gazteen artean zabaltzen ari den arrazakeriak”, gaineratu dute.
Bi helburu jarri dituzte mahai gainean: “Porrontxoetara etortzen diren pertsona guztiak ongietorriak direla bermatzea eta argi uztea edozein eraso arrazistak erantzun kolektibo, antolatu eta irmoa izango duela”
Horren guztiaren aurrean, Porrontxoetako Eraso Arrazisten Aurkako Protokolo Batzordeko kideek argi dute “Egia auzoa pertsona migratuek, arrazializatuek eta jatorri askotako herritarrek eraiki” dutela: “Aniztasun hori gure komunitatearen parte da, eta Porrontxoetan ere hala izatea nahi dugu: pertsona oro auzoaren eta jaien parte senti dadila”.
Ordea, jaiak “gizarteko aurreiritzi eta zapalkuntza egituretatik” kanpo ez daudenaren jakitun, aipaturiko eraso arrazisten aurkako protokoloa prestatu dute: “Protokoloaren asmoa da erasoak saihestea, erasoak jasaten dituztenak babestea eta laguntzea, eta horien aurrean erantzun kolektibo eta antolatua ematea. Azken batean, elkar zaindu nahi dugu, eta gerta daitezkeen erasoen aurrean prest egon”.
Horrela, bi helburu jarri dituzte mahai gainean: “Batetik, Porrontxoetara etortzen diren pertsona guztiak ongietorriak direla bermatzea, edozein jatorritakoak direla ere; eta bestetik, argi uztea edozein eraso arrazistak erantzun kolektibo, antolatu eta irmoa izango duela”. “Egiako auzotarrak eta Porrontxoetara hurbiltzen den oro gonbidatu nahi ditugu jarrera antirrazista hau babestu eta bere egitera. Guztion artean soilik eraiki ahal izango ditugu jai seguruak, anitzak eta arrazakeriarik gabekoak”, gehitu dute.

