Udalak Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko inbertsioak «blokeatu» dituela salatu dute ELAk eta LABek
Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuaren elkarretaratze bat, egoitzaren aurrean.Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzua Donostiako Udaleko ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, udalak Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (PSISZ) inbertsioen 408.133 euro blokeatu ditu, “nahiz eta epaileak suhiltzaileentzako funts finalistak bideratu behar dituen”. Bihar, hilak 11, udalak ezohiko udalbatzarra egingo du 2026ko udal aurrekontuak egokitzeko.
Harturiko neurriak 2026eko udal aurrekontuen bost diru saili eragiten diela diote, eta “zeroan” uzten duela eraikin eta eraikuntzetarako 322.500 euroko diru zatia: “Hori guztia, gainera, Suhiltzaileen Parkeko beheko solairua handitu eta eraberritzeko proiektua onartuta dagoenean; obra hori behar-beharrezkoa da iaz adostutako lantaldearen handitzearen ondorioz suhiltzaile berriak hartzeko”.
PSISZeko langileen ordezkaritzan, bi sindikatuek Ogasuneko zinegotzi ordezkariari eskatu diote zerbitzuko bost inbertsio zatiei ezarritako atxikipenak “berehala” kentzeko: “Atxikipenen guztizko zenbatekoa 408.133,88 eurokoa da. Atxikipenek PSISZen 2026rako hasierako inbertsio aurrekontuaren %38,29 dira”. Egoerarik larriena, Eraikinak eta bestelako eraikuntzak zatiari dagokiola gaineratu dute: “322.500 euroko zuzkidura zuen, baina osorik atxikita geratu da eta, beraz, ez dauka kreditu erabilgarririk”.
Erabaki hori udalak Eusko Jaurlaritzatik aurreikusita zituen kapitaleko zenbait diru sarrera ez jasotzeak eragin duela diote ELAk eta LABek. “Aurrekontu doikuntzako neurri orokor batek ezin du eragotzi PSISZ handitu eta hobetzeko kontribuzio berezitik datozen diru sarrera lotuak beren lege xedera bideratzea”, deitoratu dute.
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 139/2025 epaiak, PSISZeko langileek bultzatutako erreklamazioaren ondoren lortutakoak, deklaratu zuen udalak kontribuzio berezi horren bidez lortutako diru sarrera guztiak zerbitzuaren inbertsio errealetara “bakarrik, esklusiboki eta osorik” bideratu behar dituela, eta ezin dituela gastu arruntera edo beste udal zerbitzu batzuetara aplikatu.
“Gainera, udalak badu jada inbertsio zehatz eta onartu bat: Suhiltzaileen Parkeko beheko solairua handitu eta eraberritzeko proiektua, 540.803 euroko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko aurreikusitako gauzatze epearekin. Gure ustez, guztiz kontraesankorra da parkea hobetzeko beharrezkoa den obra bat onartzea eta, aldi berean, eraikinetarako eta eraikuntzetarako partida blokeatuta edukitzea”, adierazi dute.
Gainera, obra hori “premiazkoa” dela diote sindikatuek, “iaz adosturiko lantaldearen handitzearen ondorioz, suhiltzaile berriak sartuko direlako”. “Parkearen instalazioak handitu eta egokitzeko beharra langile berrien harrera eta zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko premia objektibo bati erantzuten dio”. Sindikatuek eskatu dute erabilgarri dauden funts lotuen zenbatekoa identifikatu eta ziurtatzea, atxikipenak zenbateko horren mugara arte kentzea eta Suhiltzaileen Parkearen erreforma lizitatu eta gauzatu ahal izateko beharrezko aurrekontu aldaketak egitea.

