«Eguraldi ona», Donostia frankisten menpean erori zenean
90 urte beteko dira etzi, hilaren 13an, 1936ko gerran Espainiako tropa kolpistak Donostiara sartu eta hiria bereganatu zutenetik, bi hilabeteko erresistentzia antifaxistarekin bukatuz. Garaiko prentsak ere bere papera jokatu zuen duela 90 urte.
Tropa kolpistak Donostiatik desfilatzen, 1936ko irailean. Pascual Marin / Kutxateka Uztailaren 18an 1936ko gerra hasi zenetik 90 urte bete ziren moduan, 90 urte beteko dira etzi, irailaren 13an, Espainiako tropa faxistek Donostia hartu zutenetik. Gerrak Espainiako Estatuan 1939ra arte iraun bazuen ere, Donostia 1936ko irailean sartu zen 40 bat urtez luzatuko zen Francisco Francoren diktaduran.
Aurreko bi hilabeteak, ordea, gogoratzeko eta nabarmentzeko modukoak dira, Donostiako herri antolatuak Espainiako armada kolpistari aurre egin baitzion, baita irabazi eta hiriaren kontrola bereganatu ere.
Uztailaren 21ean atera ziren militarrak Loiolako kuarteletatik, Donostia hartzeko asmoz. Hiriko hainbat eraikin esanguratsu hartu zituzten, baina herria antolatuta zegoen dagoeneko, nagusiki, CNT sindikatu anarkistaren gidaritzapean. Horrela, Amaran, militarren zutabeetako bati aurre egin zieten, baita kuarteletara erretirarazi ere. Kuartelen setioa abiatu zuten orduan antifaxista donostiarrek, eta, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten.
Manuel Chiapuso militante anarkista historikoak Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastián liburuan (Txertoa, 1977) Donostiako Komuna gisa definitu zuen esperientzia iraultzailea hasi zen orduan; hiria langile klasearen esku gelditu zen. Esperientzia hura, ordea, irailaren 13an bukatu zen, etziko egunez duela 90 urte, frankistek hiria hartzearekin batera.
Honakoa izan zen indar iraultzaileen lehenengo neurrietako bat: ‘El Diario Vasco’ egunkaria ixtea eta haren inprenta konfiskatzea
Irun erorita, Donostia erori zen
Kuarteletako armak bereganatuta, indar antifaxistek Donostiatik antolatu zuten Gipuzkoako defentsa. Nagusiki, Irun ingurukoa, muga kontrolpean izateak zuen garrantziagatik. Kolpistek, ordea, Nafarroatik heldutako erreketeen laguntza funtsezkoarekin, gero eta eremu gehiago bereganatu zituzten uztailean eta abuztuan zehar.
Horrela, iraileko lehenengo egunetan erori zen Irun, eta faxisten hurrengo helburua argia zen: Donostia. Irundik eta Hernanitik abiatu ziren militarrak Donostiarantz. Muga eta herri asko galduta, hiria defendatzea ezinezkoa zen, eta, beraz, indar antifaxistek hiriaren ebakuazioa abiatu zuten. Irailaren 13an tropa kolpistak hirian sartu zirenerako, 40.000 bat donostiar —orduko biztanleriaren erdia— ihes egindakoak ziren, Ipar Euskal Herrira eta Bizkaira, nagusiki.
Frankistek errepresio bortitza abiatu zuten orduan, ehunka pertsona fusilatuz, jazarriz eta umiliatuz, baita hiria arpilatuz ere.

‘El Diario Vasco’ egunkariak 1936ko irailaren 14an argitaratutako azala, faxismoaren garaipena ospatuz.Koldo Mitxelena Kulturuneko hemeroteka
«Eguraldi ona»
Asko idatzi da 1936ko uztailaren 18tik irailaren 13ra Donostian gertatutako horren guztiaren inguruan, baina ez horrenbeste garaiko prentsarekin lotutako pasarte deigarri baten inguruan. Hain zuzen ere, Donostiaren kontrola eskuratu eta berehala, honakoa izan zen indar iraultzaileen lehenengo neurrietako bat: El Diario Vasco egunkaria ixtea eta haren inprenta konfiskatzea.
Josetxo Otegi Arrugaeta historialari donostiarrak berriki 7K astekarian azaldu duenez, uztailaren 24an hartu zuten neurri hori; hau da, kuartelak errenditu aurretik. Arrazoia argia zen: altxamendu faxistaren konplize izatea leporatu zioten. Izan ere, Otegik eta beste autore askok ziurtatzen dutenez —besteak beste, Javier Minak ere jaso zuen El Ateneo Guipuzcoano. Una historia cultural de San Sebastián entre 1870 y 2005 lanean—, honakoa argitaratu zuen egunkari horrek bere azalean, 1936ko uztailaren 18an: «Hoy hará buen tiempo» (gaur eguraldi ona egingo du). Horrela, «altxamendurako seinalea ematen zien aginduaren zain zeudenei», Otegiren hitzetan. Azal hori, gainera, ez dago hemeroteka digitaletan eskuragarri.
El Diario Vasco-ri konfiskatutako errotatiba baliatuta, errepublikanoak Frente Popular egunkaria argitaratzen hasi ziren 1936ko uztailean; egunero kaleratu zuten, irailaren 13ra arte. Egun hartatik aurrera, hiria kolpisten mendean egonda, El Diario Vasco-k bere jarduna berreskuratu zuen.
Hain zuzen ere, uztailaren 18koa ez bezala, irailaren 14ko azala eta ale osoa eskuragarri dago Koldo Mitxelena Kulturuneko hemeroteka digitalean. Honakoa dio, goialdeko eskuineko izkinan: «Como decíamos ayer… buen tiempo» (atzo esaten genuen moduan… eguraldi ona), aipaturiko uztaileko aleari erreferentzia eginez. Azaleko albiste nagusiko titularra ere nabarmentzeko modukoa da; erreportaje honetako argazkian irakur dezakezue.
Egun funtzionamenduan jarraitzen duen garaiko egunkari bakarra da El Diario Vasco. Ez alferrik, Gipuzkoako prentsaren dekano gisa definitzen du bere burua.

