Donostiako HAPO berria idazteko aurrerapausoa eman du udalak
Etxebizitzak Donostian. Denen gainetik, Atotxako dorrea eta Artzain Onaren katedrala.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak hiri antolamenduko plan orokor berria (HAPO) idazteko kontratazio espedientea onartu du, 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin eta 48 hilabeteko egikaritze epearekin. Onarpen horrekin, udalak “korapilo handia” askatu duela nabarmendu du Jon Insausti alkateak: “Gaur jarri dugu martxan gure hiria nolakoa izatea nahi dugun zehaztuko duen dokumentuaren tramitazioa”.
HAPOa idazteko kontratuaren lehiaketa publikoa egin zuten iazko maiatzean —aurrekontu berarekin eta 36 hilabeteko epearekin—, baina ez zen inor aurkeztu. Oraingoan, aldiz, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez adjudikatuko dute kontratua. Legezko prozedura bat da hori, salbuespenezko kasuetan erabili ohi dena sektore publikoan; horren bidez, zuzenean enpresa jakin batzuk gonbidatu ohi ditu administrazioak lizitazioan parte hartzera.
Horrela, udalak kontratua adjudikatzen duenean, 48 hilabeteko egikaritze epe hori betez gero, adjudikatu eta lau urtera edukiko luke Donostiak HAPO berria; 2030 ingururako, alegia. Gogorarazi behar da egun indarrean dagoen HAPOa 2010ekoa dela eta, beraz, gutxienez, hogei urte pasatuko lituzkeela indarrean; aurrekoak hamabost pasatu zituen, 1995ekoa baitzen.
Etxebizitza eta garapen ekonomikoa
HAPOek herri eta hirien epe ertain eta luzerako plangintza urbanistikoa zehaztu ohi dute, eta, hain zuzen ere, planak “donostiarren etorkizunean izango duen eragina” nabarmendu du alkateak: “Etxebizitza beharrak marraztuko ditu, hau da, sustapen berriak non kokatu, baina Donostiako jarduera ekonomikoaren kokalekuak ere ezarriko ditu. Auzoek kalitatezko zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez dituzten beharrak jasoko ditu, eta bizi kalitateko inguruneak (birika berdeak) detektatuko ditu. Azken finean, plan honek Donostian non bizi, non lan egin, non ikasi, non erosi edo aisialdirako espazioak non sortu jasoko du”.
Halaber, Insaustik nabarmendu du “etorkizuna konkistatzea” dela planaren xedea, baita planak “donostiar guztien ahotsak” jasoko dituela: “Donostiarrok erabakiko dugu non biziko garen”. “Planak 2040ko hiria marraztu nahi du”, gaineratu du.
Urumea, mendebaldea eta ekialdea
Planak jasoko dituen hiru garapen ardatz nagusiak aipatu ditu alkateak: “Urumeako ardatza (jada marrazten ari dena), mendebaldekoa (Haizearen Orraziaren eta Txillida Lekuren artekoa) eta ekialdekoa, Pasaiako badiakoa eta Altza Berriko ardatza dei dezakeguna”.
Lehenak Loiolako kuarteletako proiektua du egitasmo nagusitzat, 1.500 etxebizitzatik gora egingo baitituzte eremu horretan, auzune berri bat sortuz. Bigarrenak, udalaren prentsa oharrean “Txillidakoa” gisa jasota dagoenak, dagoeneko martxan ditu Illarrako, Añorgako eta Infernuko hirigintza garapenak, besteak beste.
Azkenik, hirugarrenak, udalak Odon Elorza alkate zen garaitik Auditz Akular berdegunean eraiki nahi dituen 3.000 etxebizitzak ditu esku hartze nagusi gisa. Hori da, hain zuen ere, kontrakotasun handiena sortzen duena, Altzako zein Donostiako herritar eta eragile ugarik urteak baitaramatzate borrokatzen, Auditz Akular gune berde gisa mantendu dadin.

