Zinemaldian izango diren Perlak
La Bola Negra filmaren pasarte bat, Guitarricadelafuente aktorearekin.Zinemaldia Perlak sailak, lehen begiratuan, badirudi prestigio gutxien duen Zinemaldiko atala dela. Ez dira estreinaldiak, eta industriako izarrek ez dute pelikula hauetan aurkezpenik egiten –normalean–. Baina, akaso horregatik, pelikula berezi eta kutunek osatzen dute soilik. Gutxi balitz, herritarrek bozkatzeko aukera duten sail bakarra da. Eta, horrexegatik, da donostiar askoren maitatuena.
Veneziatik edo Berlinetik pasatu diren filmak dira horietako asko, jada zer esana eman dutenak. Horietako bi dira hiriak gogo biziz hartu nahi dituenak –sarrerek hegan egin zuten, bistan zenez–: NAZA eta La Bola Negra.
Publikoaren saria jaso berri du NAZA-k Veneziako Zinemaldian. Hori, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren mehatxua: israeldar herritartasuna kentzea. Donostiar gehienentzat, kalitate zeinua dirudien mehatxua. Tel Aviveko teilatuetan gauez grabatutako film honek xehetasun osoz erakusten ditu Israelek Gazan palestinarren aurka gauzatutako sarraski kalkulatuaren atzeko sistemak. Iaz The voice of Hind-ek lortutako txalo zaparrada espero da honetan ere.
Gogo biziz jasoko den beste filma Los Javis izenez ezagutzen diren zuzendarien azken pelikula: La Bola Negra. Cannesen zuzendari onenaren saria jasota eta Espainiaren Oscarretarako ordezkari izendatu berri, kalitate zigilua ia ziurtatua du. Federico Garcia Lorca poetaren bizitzaren pasarte batzuk jasotzen ditu, haren erailketa makurraren 90. urteurrenean. Sarrera lortu ez dutenentzat oharra: zinema aretoetan izango da hilaren 26tik aurrera.
Beste hiru perla
Nanni Moretti italiarrak umore politikora ohituta gaitu bere aurreko lanekin, eta, oraingoan, Louis Garrel eta Jasmine Trinca aktore ezagunak protagonista dituen maitasun istorio bat du ardatz. Succederà questa notte Veneziatik dator, eta saririk jaso ez duen arren, kritika onak dakartza beso azpian.
Lukas Dhont zuzendari belgikarrak ere ez du saririk ekarri, baina Coward filmak istorio hunkigarri bat dakar esku artean: Lehen Mundu Gerrako trintxeretan bi soldaduren arteko maitasun istorioa. Galdera hau bota nahi du: “munduak indarkeria eskatzen duenean, desertatzea ausardia ekintza egiazkoena al da?”.
Azkenik, eta hau bai sariduna, Cannesko Urrezko Palmarekin, Fjord pelikula dago galdu ezinezkoen artean. Renate Reinsve aktore zoragarriak familia errumaniar-norvegiar oso erlijioso bateko ama izango da, fiordo urrun batean, bere bizilagunekin harremana garatu beharko duena. Cristian Mungiu zinemagilea Urrezko Palma irabazi zuen lehenengo errumaniarra izan zen, 2007an, 4 luni, 3 săptămâni si 2 zile filmarekin [lau hilabete, 3 aste eta 2 egun].





