Aitona-Amonen Etxeak mende erdia ospatuko du auzoko historiari begira
1976an zabaldu zituen ateak Aitonen Etxeak, eta 50 urteko bidean, izena aldatzeaz gain, auzoa ehuntzeko makina bat jarduera antolatu ditu. Horien lagin batekin bi erakusketa atondu dituzte, egoitzan bertan eta Larrotxene Kultur Etxean, ospakizun ekimenen artean.
Aitona-Amonen Etxean bertan ikus daiteke mende erdi honen irudi bilduma.Maitane Aldanondo Intxaurrondoko Aitona-Amonen Etxea mende erdi urratzear da. 1976ko urtearen hondarrean eratu zuten, baina ospakizun hori aurreratzea erabaki dute auzoko jaien testuinguruan kokatzeko. Hala, 50. urteurrenaren lehen jardueretako bat auzoarekin duen lotura nabarmentzeko erakusketa bat antolatzea izan da. Bi gunetan jarri dute: Larrotxene Kultur Etxean, urriaren 9ra arte, eta egoitzan bertan. Batean zein bestean, ikusgai dagoen irudi bilduma oso antzekoa da, argazki gutxi batzuk izan ezik; alde bakarra ikuspuntua da: lehen gunekoak auzoari begirako jardueren isla diren bitartean, bigarrenekoek bazkideen jarduerei erreparatzen diete.
Argazkien kalitatea «onena» ez dela aitortu du umiltasunez Josean San Romanek, eta gehitu du haietan jasotako «lekukotza» dela baliotsua. Bera da horietako askoren egilea eta erakusketaren arduraduna ere. Hilaren 9an buru-belarri zebilen, Ray Mendibururekin batera, Aitona-Amonen Etxeko aretoetako baten hormetatik argazkiak zintzilikatzen.
Lehen egoitzaren inaugurazioko elizkizuna, mendi irteerak, Uliako mintegietara egindako bisita gidatua, 80 urtetik gorakoei omenaldiak, lokal berri baten aldarrikapena… Elkarri lotuta, elkartearen bilakaera kontatzen dute. San Romanek azaldu duenez, «auzotarren ekimenez sortu zen, bizilagun elkartearen babesean; 1976an banatu, eta Aitonen Etxea eratu zen arte». Lokal zaharra txikia zen, irisgarritasun eskasekoa, eta luze borrokatu ondoren lortu zuten egungora aldatzea. 2017an joan ziren hara, aurrekoaren ondoan, eta horrekin batera izena aldatu zioten, Aitona-Amonen Etxea izatera pasata.
Auzoko ezinbesteko topagunea
Gaur egun, etxea topaleku garrantzitsua da auzoko jendearentzat eta 350 bat bazkide ditu. Helburu nagusiak jendea elkartzea eta zereginak eskaintzea dira; adinekoak «fisikoki eta mentalki ondo egotea eta sozializatzea». Tartean, arrakasta handia dute yoga eta pilates moduko ikastaroek edota egunero beteta egoten den jantokiak, baita hamabostean behin txangoak egiten dituen taldeak ere. Elkartearen funtzio sozialaren parte da, halaber, Mirada Activa proiektua: lau boluntariok 20-25 adinekori telefonoz jarraipena egiten diete, ondo daudela egiaztatzeko eta beharrezkoa bada gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko.

Urteurrena ospatzeko, erakusketaz gain, bi ibilbide komentatu ere prestatu dituzte. Lehena larunbat honetan, hilak 19, egingo dute, eta bigarrena, astebete geroago, hilak 26. Auzoa nola aldatu den ikusiko dute, eta hirigintza eraldaketaz harago, historiaz ere hitz egingo dute, bizipenetatik abiatuta. Desagertutako baserriak, Letaman fabrika zaharra, auzotarren borrokari esker lortutako hobekuntzak, «Zeruko bidetxoa»-ren bilakaera… Partaideak adinekoak eta bazkideak izango direla aurreikusi arren, gustatuko litzaieke auzotar gazteak ere animatzea, auzoaren iragana ezagut dezaten.
Bizipenen memoria
Intxaurrondo kaletik abiatuta, Ategorrietako erlojuraino jaitsi, eraikitzen ari diren Sorleku parketik pasa, eta Marrutxipiko kotxetegitik Gaztelura joango dira. Handik, Garrora, eta buelta. Denbora badute, Mirakruz gainara egingo dute, Asuncionetik, eta bestela, Txaparrenera. Hori da aukera laburra, ordubete bueltakoa, bihar aurrera eramango dutena. Astebete geroago, berriz, luzeagoa izango da, bi ordu ingurukoa, «ibiltarientzat». Aurreko bidetik, Txararaino joango dira, Garrora, eta Bidebieta eta Intxaurrondo arteko mugatik ibiliko dira, Jose Elosegi etorbidetik abiapuntura itzuli arte. Pizgarri eta sari gisa, amaitzean, pintxo-potera gonbidatuko dituzte partaideak: Erdikoa tabernak, bihar, eta Kioskoak, 26an.
Horrez gain, bi bazkari ere gauzatuko dituzte: 80 eta 90 urtetik gorako bazkideak omentzekoa eta bazkari herrikoia.



