Donostiarrak mailari eusteko, Kontxari begiratu behar dio
'Bantxa' traineruak bi eguneko kanporaketa jokatuko du asteburuan, Bizkaiko uretan. Hondarribia eta Zarautz izango dira aintzat hartzeko arerioak.
Donostiarrako neskak lehian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian.Joseba Parron San Sebastian Iaz lortu bazuen, aurten ere egin dezake. Donostiarrako neskek Euskotren ligako kanporaketak jokatuko dituzte bihar Bermeon (17:35), eta etzi Portugaleten (11:25). Mailari eusteko arerio gogorrak izango dituzte: Hondarribia —ETE ligako txapelduna—, Zarautz —ETE ligako txapeldunordea eta Kontxan aritu dena— eta Tiran —Galiziako ligako txapelduna—. Lauen artean onena izateak soilik balio du datorren sasoian Euskotren ligan aritzeko.
Kontxako Banderan erakutsitako mailari jarraipena eman behar dio Bantxa traineruak. Modu horretan menderatu ahal izango ditu beste hiru aurkariak. Dena dela, erlojuaren kontrako saio ona egin beharko dute bihar, Hondarribia eta Zarautz gainditu nahi badituzte. Aldiz, Tiranek erakutsiko duen maila asteburuan ikusiko da, erreferentzia askorik ez dagoelako.
Azken biak
Donostiarrako mutilak ere arraunean ariko dira asteburuan, Eusko Label ligako azken bi jardunaldietan. Hau da, bihar Bermeon ariko dira (18:51), eta etzi Portugaleten (12:40). Igor Makazaga entrenatzailearen agurra jakin berritan, liga maila onean bukatzen ahaleginduko dira. Batez ere, Kontxan bigarren izan ondoren. Une honetan, sailkapeneko bosgarren tokian daude, eta zaila dirudi koxka bat gehiago igo ahal izatea. Horrela ere, banderaren bat astintzeko aukerak dituzte.

