'El desencanto': Neurosiak azaleratzen dituen egiak
El Desencanto filmaren fotograma bat, Panero anaiak eta Felicidad Blanc.Zinemaldia Klasikoak
Filma: El Desencanto
Zuzendaria: Jaime Chavarri
“Suntsiezina den gurpil-zoro bat da guztia”. Leopoldo Maria Panero poetaren esaldi honek El Desencanto-ren berrestreinaldiarekin egin du oihartzun gaur. Duela 50 urte Jaime Chavarri zuzendariak filma Donostiako Zinemaldi frankistatik kendu zuen, Josu Zabalaren heriotzagatik protestan. “Gaur da benetako estreinaldia”, esan du ekitaldi itxura hartu duen proiekzioan.
Leopoldo Panero poeta frankista hil eta hamar urtera, Felicidad Blanc eta hiru semeak Juan Luis, Michi eta Leopoldo Maria [homonimiak Cien años de Soledad-eko gaizki ulertu eta ispilu joko berak sorrarazten ditu, bai] batzen dituen dokumental ero eta brillantea da honakoa. “Txakur berde bat izan zen bere garaian. Eta orain ere nahi nuke hala izatea”, esan zuen Chavarrik aurkezpenan. Txakur berde gogor eta dibertigarri bat.
Funtsean, familia egitura tradizionalari, Espainiako gizarteari eta eromenari buruzko kritika bat da. Tira, kritika hitz anbiguoegia da. Argazki moduko bat da. Argazki basati eta gordin bat.
Historia bat kontatzeko bi modu daudela dio Leopoldo Mariak, Lacan zitatuz: “Legenda epikoa” egitea edo “egia”. Haien familiaren galdutako ohorea berreskuratu nahian, edo ulertu nahian, lehenengoa egiten ari direla salatzen du Leopoldok: “Egia esperientzia deprimentea da”. Harrigarriena haien artean hitz egiteko orduan duten gupida eza da. Zintzotasuna deitu lekieke, baina beste zerbait da. Amari kontuak eskatu eta eskatu, eta ama, duintasunean mantenduz. Eromenari aurre egiten ari diren giza txatala batzuk dira, inteligentzia eta poesia dosi altuekin.
Autosuntsiketa da Leopoldo Mariaren bizitzaren zentzua [irakaslea oroitu dute: “–Leopoldo izan daiteke ala dena ala ezer ez”. “–Bigarrena izan nintzen”], haurtzarotik aurrera gainbizitzera besterik ezin konformatu dagoen gizartean. Bistan da, familiaren argazkia izan behar zuenak, Leopoldok jan egiten duela bere indar poetiko eroarekin. Hasiera batean, ez zuen dokumentalean atera behar, eta ikusten dira Michi eta Juan Luis haien papera jokatu nahian, haien protagonismoaren bila edo. Baina Leopoldo sartzen da ekaitz baten moduan, guztia berridaztera.
Eromenak horixe baitu. Egia aurkezten duela. Halaxe Jockerra Batmanen –barkatuko didazue americanada–: gezurraren bidez, egia erakutsi; poesia egitea, apurtu behar dena apurtzea. Eromenaren bidaian, hain zuzen, ezin argiago mintzo da, kontziente bere keinuek definitzen dutela ero, eta ez bere buruak.
Txalo zaparrada jaso du Chavarrik, argi eta garbi pozik: “Hunkigarria izan d a filma, azkenean, Donostian ikustea”. Zirkulu bat itxita, galdera berriak irekita.

