'Geister': Orbanetan tatuaiak
'Geister' filmaren fotograma bat. Zinemaldia Filma: Geister / A ghost song
Zuzendaria: Fatih Akin
SAIL OFIZIALA
20 urte dituzte Farisek eta Farashak [Mariam Dawoud eta Eren M. Güverci ezin ederragoak]. Graduazio festan ezagutzen dute elkar eta zeharo maitemintzen dira. Agian, jendea guztia mozkorra dagoelako eta beraiek direlako alkohola edaten ez duten bakarrak. Kontua da, gaur horretan bertan, Farasha kotxe istripuan hil egiten dela. Akaso, Farisen erruan zentratu zitekeen filma, baina ez: hil ostean hasten den maitasun istorio bat da hau.
Mamu baten modura, gauero, Farisen ametsetan hasiko da bizitzen Farasha. Zita erromantikoak, sekretuak, musuak… ezkondu ere egiten dira! Farishak, ordea, 40 gau ditu berarekin egoteko, eta, gero utzi egin beharko du. Maitasun ezinezko bati buruzko film adoleszentea ere bada. Bizitzako momentu ezin bereziago bat lapurtu dizuten sentsazioa: “Zer gertatuko da?” galdera beti irekita, bizitza posible guztiak posible izango balira bezala.
Bikotearen harreman onirikoaren amaiera gero eta gertuago ikusi, bi gazteek erabaki okerrenaren alde egiten dute: biak heriotzan elkartzea. Edertasun une goren batzuk ditu filmak. Eta hori da bat. Badakienak badaki zer gogorra eta zer ederra den buruaz beste egin ez duen lagunari esatea: “Pozten naiz hemen zaudelako”. Kontua horixe baita: hildakoek erakusten digutela zer den bizitza. Edo Farashak dioen moduan: “Badira horrenbeste maite diren loreak ezen ez baitira mozten; hazten uzten dira”.
Wim Mendersen Berlingo zerua filmeko aingeruekin gogoratu naiz. Magian sinistu gabe, ezinezkoa da pentsatzea hildakoak “desagertu” egiten direla. Haien gorputzak gorpu bihurtuko dira, bai, baina badago bizirik mantentzen den zerbait. Hildakoak bizi dira oroitzen diren bitartean. Ordea, noiz arte geratu iraganari loturik? Horri buruz ere bada: oroitzea, bizi arazteko, baina baita ere ahaztea, bizi ahal izateko.
Farashak tximeleta bat du tatuatua iheslari izan zeneko orban batean. Haram den arren –alegia, debeku edo bekatua–, bizitzen lagundu zion tatuaia horrek. Keinu batez hasten da bizitza berriro osatzeko erabakia. Halaxe egin behar, norberak bere hilen laguntzarekin, ahal izatekotan.

