Intentsitate falta garesti ordaintzen da
Realak galdu egin du Europa ligako estreinakoan, Bournemouthen aurka, Anoetan (1-2). Txuri-urdinen lehen zati oso txarrak baldintzatu du partida.
Realaren eta Bournemouthen arteko norgehiagoka, Anoetan.Reala Martxan jartzen ez den ibilgailuak nekez egiten du aurrera. Martxak ere ondo aukeratzea ezinbestekoa da, motel ibiltzeak atzean uzten zaituelako. Realak modu horretan ekin zion atzo Europa ligari etxean, Anoetan. Ilusio handiko erronkari, espero baino modu petralagoan eman zion hasiera, batez ere, galdu egin zuelako. Bournemouthek beste erritmo batera jokaturiko lehen zatiak, eta txuri-urdinen hainbat gabeziek eragin zuten porrota (1-2).
Hasierako hamaikakoa izan zen ibilgailua piztu ez zuena. Bosteko defentsaren alde egin zuen Pellegrino Matarazzok, eta ez zuen asmatu, berdegunean ikusitakoaren ondoren. Lehen zatian, Reala bi martxa gutxiagorekin aritu zen Ingalaterrako talde bizi eta eraginkorraren aurrean. Horrela, 20. minuturako, bi goleko desabantaila pilatu zuten donostiarrek —Kluivert eta Ryan izan ziren golegileak—. Intentsitaterik gabe aritu ziren jokalariak, baloien lehia guztiak galduz. Ezina irudikatu zuten batzuk ere seinalatu zituzten: Hector Fort eskuin hegaleko atzelaria eta Unai Marrero atezaina —bigarren golean oso gaizki kokatua zegoena—. Ezin da beti heroia izan.
Bigarren zatian, Realak oso bestelako maila eman zuen, Matarazzok joko sistema aldatu ostean. Lauko defentsak mesede egin zion taldeari, Luken Beitia gaztea eskuin hegalean kokatuta. Fort aldagelan utzi zuen entrenatzaileak, ez zelako bere gaua izan. Goncalo Guedes, Jon Gorrotxategi eta Luca Sucic atera zituen, eta haiei esker arerioaren martxa berera iristea lortu zuen Realak. Intentsitatea areagotu zuen, eta baloi dema guztietara lehenago iritsi ziren. Horrela, Sergio Gomezek desabantaila laburtu zuen erdiraketa-jaurtiketa baten bidez, eta berdinketa posible zela sinetsi zuen taldeak. Aukera oso garbiak izan zituzten Mikel Oiartzabal kapitainak, eta, batez ere, Orri Oskarsson aurrelariak. Bi jaurtiketa on egin zituen, baina ingelesen atezainaren geldiketak hobeak izan ziren.
Estreinakoa galduta, hilabete itxaron beharko dute txuri-urdinek ligaxkako bigarren partida jokatzeko. Ordurako, intentsitate, martxa eta eraginkortasun ikasgaiak ondo errepasatu beharko dituzte.

