Ttakun eta herren doinuek hartuko dute plaza
Zurartean Elkarteak antolatuta, Donostiako I. Txalaparta Festak Easo plaza girotuko du igandean, hilak 20. Musika tresna hori herritarrei hurbiltzeko, zenbait belaunalditako jotzaileak bilduko dira kioskoan, eta elkarrekin, hedatzen ari dela ospatuko dute.
Ezkerretik eskuinera, Ibon Etxeberria, Leire Tapia eta Sergio Lamuedra Zurartean elkarteko kideak. Ibon Etxeberria Txalaparta euskal ospakizun askotako osagai ezinbestekoa bada ere, eta hamaika festa girotu arren, ez da ohikoa musika tresna honen inguruan soilik antolatutako jai bat topatzea. Tresna ezagutarazi, aitortu eta herritarren artean zabaltzeko xedez, Zurartean Txalaparta Elkarteak Donostiako I. Txalaparta Festa aurrera eramango du Easo plazan, igandean, hilak 20, 12:00etan. Lehen aldien zirrara eta ziurgabetasuna tarteko, hurrengo urteetan hazten joateko asmoarekin heldu diote erronkari.
Zurartean Sergio Lamuera txalapartari hernaniarrak sortu zuen 2012an. Han eta hemen eskolak ematen zituen, baita Donostian ere, eta inguruan bildu zitzaizkion ikasle batzuekin batera egin zuen urratsa. Ordutik, udalak utzitako San Bartolome kaleko lokal batean du egoitza.
Txalaparta hedatzea du helburu, eta horregatik, urteotan, indarra irakaskuntzan jarri dutela gogoratu du Ibon Etxeberria kideak. Bera duela sei urte hasi zen Lamuerarekin ikasten, eta elkarteari «buelta bat ematen» lagundu dio, Leire Tapia eta gainerako kideekin batera. Eskolek lehentasuna izaten jarraitzen badute ere, bestelako testuinguruetan txalaparta jotzeko aukerak ere sortu nahi dituzte.
Hala, iaz Euskal Jaietan emanaldia egin ondoren, txalapartari buruzko egun bat antolatzeko premia ikusi zuten. Jai horien barruan eginez gero, «lausotuko» zen beldurrez, hurrengo asteburuan egitea erabaki dute. Lehen urtea izanik, eta bai taldea bai aurrekontua txikia direnez, jai «xumea» prestatu dute.
Tradiziotik berritasunera
Etorkizunean, urtero txalapartaren inguruko pertsona edo eragile erreferente bat omendu nahi badute ere, aurten, txalaparta bera aitortuko dute. Horretarako, dantzariek aurreskua dantzatuko diote instrumentuari kiosko aurrean, ekitaldiari hasiera emanez. Ondoren, 1960ko hamarkadan txalaparta salbatu zuten hiru bikote garrantzitsuren oinordekoak ariko dira: goikoetxeatarrak, zabalegitarrak eta zuaznabartarrak. «Ohol bakarrean jotzen dute, sagardoarekin oso lotuta dagoen txalaparta da», zehaztu du Etxeberriak. Tradizioaren ondoren, Zurartean elkarteko kideek hartuko dute lekukoa, eta «plater nagusia» amaieran joko duen Bihotx taldea izango da.
Plazako saioa amaituta, 13:30ak aldera, Esnaola tabernak mokadutxoa eta txotxa eskainiko dizkie bertaratutakoei. Jarraian, 14:00etan, Donosti Berri elkarteak utzitako egoitzan bazkalduko dute. Gero, ez dute ezer aurreikusita, baina ez dute arratsaldea ttakun artean luzatzea baztertzen.

Festa gelditzeko etorri da eta antolatzaileek handitzen joateko asmoa dute; festa hau Donostian erreferentziazko egun bilakatzea nahi baitute. Data, hala ere, ziur asko aldatu egin beharko dute. Izan ere, emanaldi nagusira eskola bat ekarri nahi zuten, baina ikasturtearen egutegia dela eta, udako etenean daude oraindik, ikasturtea hasi gabe.
Ekimena babestu nahi dutenek kamisetak erosi edo jarriko dituzten itsulapikoetan ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango dute. Oraingoz, jaia prestatzeko, udalaren eta Donostiaren diru laguntza jaso dute.
Berpizkundetik loraldira
Euskal kulturaren debekuak txalaparta hilzorira eraman bazuen ere —aipatutako hiru bikote historikoek soilik jotzen zuten—, Juan Mari Beltranek eta Joxean Artzek, lehenik, lan handia gauzatu zuten hura berritu eta berreskuratzeko, eta geroago, Oreka TXk ere lanketa itzela egin du aukera berriak esploratzen. Gaur egun, Etxeberriak txalapartaren loraldia nabari du: «Belaunaldi berriak eta haurrak indartsu datoz, eta Euskal Herrian lauzpabost talde oso potente daude».
Txalaparta jotzen ikasi nahi dutenek ikasturte berrirako matrikula egiteko aukera dute. Ezagutzarik ez dutenentzat, zerbait dakitenentzat zein adituentzat taldeak dituzte. Informazio gehiago izateko: 695 71 68 78 telefonora deitu, zurartean@gmail.com helbidera idatzi edo sare sozialetan elkarteak dituen profiletan begira dezakete. Gainera, emanaldi profesionalak ere eskaintzen ditu Zurarteanek.

