'Garrat du váimmu': elur-oreinen atzean, gizonen mundu izoztua
'Garrat du Vaimmu' filmaren fotograma bat.Zinemaldia Sail Ofiziala
Filma: Garrat du váimmu / Brace Your Heart
Zuzendariak: Amanda Kernell
Badaude pelikulak istorioak kontatzen dituztenak. Badaude pelikulak leihoak direnak. Beste kultura bati, beste iruditeri bati, beste lan, errito eta erritmo batzuei atea zabaltzen dizkigutenak. Bietatik du film izoztu honek. Aita galdu berritan, gizonen lan munduan sartu behar duen neska gaztearen eta sami kultura eta orein artaldeen komunitateen errealitatearena, Laponiako neguan.
Arriskua dago, noski, filma batek errealitate bat islatu nahi izatea. Edo, okerrago, islatzen duela sinistea. Baina detaileak maite ditut nik: jantziak, elur-motoak, elur-oreinak, yoik kantuak, sami komunitate festak… Filmaren atze-oihalak elurretako denbora izoztua erakusten du, eta horrekin harrapatu.
Baina ez da horretan geratzen. “Errenditu ezin” den emakume baten istorioa da. Gizonen taldean sartzeko, taldeko buruarekin oheratzera behartuta dagoela dirudiena. Ejva gazteak Heaikarekin duen harremana da komunita
Sami herriak elur-oreinekin duen harremanean, “elur-orein gida” izango dena “etxekotzea” da erronketako bat. Naturaren kontrako gizakien borroka erakusten du honek: baldintzarik makurrenetan ere, oreka bat bilatzea helburu duena. Familiako aiton-amonek erakusten duten pazientzia eta gauzak “ondo” egitearen zentzuak indar berezia du filman, oharkabean pasatzen diren arren, Emir Kusturickaren Gato negro, gato blanco moduan, aiton-amonen eta belaunaldi berrien arteko harremana da gakoa: helduen belaunaldiak izorratu duen mundua salbatzeko.
Kultur desberdintasunez harago, leku guztietan gizateriak ditu erroko arazo berak: komunitatean onartua izatea, ohorea eta bertuteak mantentzea; eta, gizonek emakumeen kontra egiten duten indarkeria ikusgarri, ikusezin eta onartua. Modu desberdinetan jardun eta eragiten duen arren, modu berdintsuan ematen dena.
Ejvari bi aukera besterik ez dizkiote ematen: dena erre eta atzean uztea edo malefizioari aurre egitea. Pelikuletan ez bezala, errealitatean, emakumeen kontrako indarkeria ez da une kanoniko eta sendagarri bakarraren konpontzen. Horrek uzten duen arrastoarekin bizitzen ikastea da kontua. Pelikularen sakontasunak eta dituen elur kapa guztiek bigarren film bat mereziko zuten: Nola bizi zure erasotzailea onartua den komunitatean?

